AV Arquitectura aldizkariaren iritziz, Kulturola da 2022ko obrarik onenetako bat

2022/07/06
Card image cap
Aldizkaria bi hilean behin argitaratzen da gaztelania-ingelesa edizio elebidunean, eta banatzen da Europako, Amerikako eta Asiako arkitekturako liburu denda espezializatuetan.

AV Arquitectura aldizkariak, sektorean ospe handieneko argitalpenetako bat, Kulturola aukeratu du 2022an egin diren obren artean onenetakoa.

“AV Arquitectura aldizkariak egindako aukeraketak nabarmentzen du Kulturolan lan ona egin dela: herriko eraikin esanguratsu bat mantendu eta berriztu da, bere ezaugarriak mantenduz, herriak behar zuen erabilera baterako: kultura eragileei lekua egitea. Herri eragileek leku egoki bat dute orain herriko kultura sormena hauspotzeko, eraikin bat ‘birziklatuz’ eta erabilgarri eginez” nabarmendu du udalak.

AV Arquitectura aldizkariak bi hilean behin argitaratzen ditu arkitekturaren alorrean sortzen diren proiektuak eta lanak. Aldizkariaren edukia hautatutako proiektuen argitalpenean oinarritzen da, arreta berezia jarriz dokumentazio grafikoaren azalpen zehatzari eta obra bakoitzaren proiektu prozesuari. Gaztelania-ingeles edizio elebidunean argitaratzen da, eta banatzen da Europako, Amerikako eta Asiako arkitekturako liburu denda espezializatuetan.

Artikuluak zehazten du “lantegi multzoa Arrasaten eraiki zuen Unión Cerrajerak, 1906an sortu eta sarrailak egiten zituen konpainiak. Kulturola kultura erabileretarako errekuperatu da orain, 2021aren amaieratik martxan. Gipuzkoako udalerriko industria memoriaren eraikin esanguratsuenetako bat da, eta Euskadiko Mugimendu Modernoaren industria arkitekturaren adibiderik adierazgarrienetako bat. Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean babestutako kultura intereseko ondasun gisa katalogatuta dago, monumentu kategoriarekin 2004tik”.

“Birgaikuntzaren helburua zen, jarduketa garaikide baten bidez, eraikinean dauden industria arkitektura modernoaren balioak berreskuratzea eta indartzea, hala nola berezitasuna, multzoaren balioa, paisaiarekin eta ibaiarekin duen lotura, adierazgarritasun tipologikoa eta eraikuntza berezitasuna”.

Nabarmendu dute ere “esku hartzeak dakar udalerriko eta Euskal Herriko historiaren, industriaren eta gizartearen aztarna errekuperatzea, lurraldean eta paisaian”.