Kotxeentzako aparkaleku gune berria sortuko du Udalak Zalduspen, ospitaleko obren eragina arintzeko
2024/10/29Kotxeentzako behin behineko aparkaleku berria irekiko du Udalak Zalduspen. Espazio berri hau Oltan eraikina zegoen lekuan atonduko da. Behin behineko aparkalekuak izango dira, ospitaleko obrek eragindako aparkaleku galera arintzeko.
“2023ko maiatzean bota zen eraikina, eta, ordutik, orubea hutsik dago. Espazioa txukuntzeko lanak hasiko dituzte orain, eta, espero dugu, datozen asteetan erabilgarri egotea” adierazi dute Udal ordezkariek.
Ospitaleko obrak, azaroaren 4tik aurrera
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin asmo duen ospitale berrirako obrak datorren astelehenean hasteko asmoa dutela adierazi dute Amenabar enpresa eraikitzaileko arduradunek. Lehen lanak ingurunea atontzea izango da, hau da, lan eremuak hesitu eta langileen etxolak jartzea.
Bi urte eta erdiko lanak izango dira, eta, ondorioz, hainbat egokitzapen lan egin beharko dira Zalduspe inguruan. Besteak beste, astelehenetik aurrera lan hauekin hasiko dira:
- Errepidea berregokitzea: eraikin berria egiteko, gaur egungo errepidea okupatu beharko dute. Ondorioz, errepidea berregokitu beharko dute sartu-irteerak bermatzeko. Lan hauekin hasiko dira datozen asteetan.
- Hainbat aparkaleku eta espaloi zatiak okupatzea: lanak aurrera eramateko beharrezkoak diren material eta etxolak jartzeko espazioa okupatuko dute. Horiek Zalduspeko lurzoruan eta Txaeta kaleko espaloi eta aparkalekuetan egingo dira.