Kirola Kalera eguna

2017/06/07
Card image cap
Ekainaren 10ean ospatuko da, 10:30etatik 13:00etara, herriko hainbat tokitan

Iaz lehendabizikoz Kirola Kalera Eguna antolatu genuen Kirol Sailetik eta ekimen honen bueltan Arrasateko kirol talde gehienak biltzea lortu genuen eta horri esker, egun batez, Arrasateko herri gunea kirol modalitate desberdinez jantzi genuen.

Kirola Egunaren helburuak dira Arrasateko kirol taldeek urtean zehar egiten duten lanaren erakusgarri izatea, Arrasaten lantzen diren kirol mota desberdin guztiak ezagutaraztea eta, animatzen denari, probatzeko aukera eskaintzea.

Horretarako, kirola kantxa, zelai edo ohiko esparruetatik atera genituen kirol taldeak eta herri erdira eraman; herri erdian zenbait gune egokituz, egun berean eta ordu beretan kirol modalitateak herritarrei erakusteko aukera eman zitzaien talde guztiei.

Hau guztia ez zen posible izango, kirol kluben kolaborazio eta parte-hartzerik gabe: urtean zehar egundoko lana egiteaz gain, goraipatzekoa da ere kirol klubek ekintza honetan kolaboratzeko eduki duten jarrera ona.

 

Kirola Kalera egunaren helburuak

Egun honek dituen helburu nagusiak hauek dira:

  1. Arrasaten egiten den kirol modalitateak herritarrei erakutsi.
  2. Kirol taldeen dinamika eta egiten duten lan eskerga plazaratu.
  3. Arrasatearrei kirol desberdinak probatzeko aukera eman.
  4. Kirola kaleratu.

Proposatu diren espazioak kirola kalera egunerako

  1. Herriko plaza eta inguruak.
  2. Biteri plaza eta inguruak.
  3. Seber Altube plaza.

Kirol taldeek guneka egingo dituzten ekintzak

Gure asmoa da iaz bezala, kirol modalitate guztiak bata bestearengandik ahalik eta hurbilenen egotea, herritarrei guztiak ikusteko aukera errazteko.

Horregatik eremua 3 espazio horietara eta hauetan atera ditugun gune desberdinetara mugatu dugu.

  • Elizako pareta, Iturriotz kaletik (1 gunea)

11:30-13:00 Pilota: Arrasate Pilota elkartearen eskutik. Pilotari gazteenekin erakustaldi txiki bat egingo dute, “kaleka” jokatuz eta parte hartu nahi duen jendea gonbidatuz. Horretaz gainera, eskuak babesteko “takoak” nola jartzen diren eta nolakoak diren ere erakusten ibiliko dira.

  • Herriko plaza (2 gunea)

11:00-12:00 Errugbia: Herensugea Errugbi taldearen eskutik. Jokoak eta errugbi ariketa ezberdinak burutuko dituzte, jendeari parte hartzera gonbidatuz.

12:00-13:00 Altuera jauzi erakustaldia: Arrasate atletikoren eskutik eta jendeari probatzeko aukera emanez.

12:00-13:00 Boccia: Dordoka taldearen eskutik. Boccia erakustaldi bat egingo dute. Baita gurpildun aulkiekin ibiltzen zirkuitu antzeko batean erakustaldi bat.

  • Sebero Altube plaza (3 gunea)

10:30-11:15 Futbola: Mondra Futbol Taldearen eskutik. Penalty jaurtiketen lehiaketa eta 2x2 edo 3x3ko partida txikiak, jendeari parte hartzeko gonbidapena eginez.

11:15-12:00 Eskubaloia: Arrasate Eskubaloi taldearen eskutik. Ginkana bat prestatuko dute eta baita 4x4ko partidak ere eskubaloian aritzeko.

12:00-13:00 Areto-futbola: Mondrate Areto Futbol taldearen eskutik. 3x3 ko partidak jokatuko dituzte, porteria handiak eta txikiak erabilita.

  • Biteri plaza eta inguruak (4, 5, 6, 7, 8 eta 9 guneak)

10:30-12:00 Kenpo eta Judo: Defentsa Pertsonalaren erakustaldia: Kenpo eta Judo Arrasate Taldeen eskutik Defentsa Pertsonalaren erakustaldia.

11:00-12:00 Cricket: Pakistan eta Indiako etorkinen eskutik. Pakistanen eta Indian horren ezaguna den jokoaren erakustaldi txiki bat, espazio murriztuan partida bat jokatuz eta jendeari parte hartzeko aukera emanda.

11:30-13:00 Saskibaloia: Arrasate Ointxe saskibaloi taldearen eskutik. Kanasta bat egongo da eta bertan 3x3ko partidak jokatuko dituzte. Jaurtiketa lehiaketak ere egingo dituzte, herriko jende desberdinak parte hartu dezan.

11:30-12:30 Boleibola: Arizmendi Kirol Elkartearen eskutik. Boleibol partidak, 3x3ko partidak jokatuko dituzte.

11:30-12:30 Karate: Saioa Karate taldearen eskutik. Karate erakustaldia egingo dute.

11:30-13:00 Ginkana: Dorleta txirrindulari elkartearen eskutik. Ginkana bat egingo da parte hartzeko aukera librearekin.

12:00-13:00 Haurren judo erakustaldia: Judo Desoreka taldearen eskutik. 8-12 urteko haurrekin erakustaldia egingo dute.