Covid-19ari aurre egiteko neurri berriak direla-eta udalak kirol zerbitzuak egokitu ditu
2020/11/09Eusko Jaurlaritzaren 38/2020 Dekretuan zehaztutakoa jarraituz, azaroaren 6an argitaratua, Arrasateko Udalak kirol zerbitzuak egoera berrira egokitu ditu, bereziki Musakolako eta Uarkapeko kirol guneetan.
Musakolako kiroldegiaren itxiera aste barruan 30 minutuz aurreratuko da. Beraz, erabiltzaileak kiroldegitik kanpora egon beharko dira 21:30ean. Uarkapeko gimnasioko ordutegiak ez du izango aldaketarik.
Jarduera fisikoa eta kirola bakarka baino ezingo da egin, eta horrek eragina izango du frontoien, tenis, padel eta squash pisten alokairuan. Bihartik aurrera, azaroak 10, ezingo dira alokatu.
Kiroldegian egiten den jarduera fisiko guztiak musukoarekin egin beharko dira; kasu honetan ezingo da musukoa kendu, ezta jarduera fisiko intentsiboa egin ere. Beraz, gimnasioko eta boulderreko erabiltzaileek musukoa jarrita izan beharko dute beti.
Taldeko edozein kirol jarduera eten egingo da, bai entrenamenduetan, bai lehiaketetan. Salbuetsita daude lehiaketa profesionaletan eta erdi profesionaletan dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak.
Baimenduta dauden kirol ekintzetan ezingo da ikuslerik izan.
Kirol zerbitzutik eskaintzen diren ikastaroak baimenduta daude 6ko taldeetan, betiere musukoa erabiltzen bada (aretoko gehieneko edukieraren % 40 gainditu barik). Momentu honetan kirol zerbitzua aztertzen ari da ezarritako baldintza, eta zer aukera dagoen baliabideekin ikastaroak berriro ere martxan jartzeko.
Udalak dei egiten die herritarrei arduraz jokatu dezaten eta ezarritako segurtasun arau guztiak bete ditzaten.