Kide ugariko familiak izango dira udal gobernuak aurkeztutako ordenantza fiskalen proposamenaren onuradun nagusiak

2019/09/16
Card image cap
Besteak beste OHGZko hobaria hobetzeko etxebizitzen balio katastrala igotzea, Euskaltegiko tasetan familia ugariei langabeen tasa berdina ezartzea edota ibilgailuei dagokien zergan hobaria aplikatzea dira gobernu taldeak 2020ra begira proposatu dituen aldaketa eta berrikuntzak

Oposizioko taldeei ordenantza fiskalen inguruko proposamena aurkeztu ondoren, udal gobernu taldeak proposamenaren berri eman nahi die, orain, herritar guztiei. Gauzak horrela, datorren urtera begira udal tasa eta zerga gehienak KPI-aren balioari erreparatuz egokitzea da gobernu taldearen proposamen orokorra, gobernuak betidanik helburu izan duelako herritarren gaineko presio fiskala baretzen saiatzea, betiere, gastu eta diru sarreren arteko oreka mantenduz eta bermatuz.

Edozein kasutan, badira salbuespenak, udal gobernuak berrikuntza eta proposamen berriak ere egin baititu.

Kide ugariko familiak gobernuaren proposamenaren onuradun eta protagonista nagusiak

2020ra begira, udal gobernuak arreta berezia eskaini nahi izan die Arrasaten bizi diren kide ugariko familiei. Horrela, horien guztien presio fiskala arintzeko berrikuntza ugari proposatu ditu.

Lehena OHGZ-ri (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga) dagokiona da. Kasu honetan, familia ugariek euren etxebizitzengatik jasotzen duten hobaria hobetzeko, gobernu taldeak, etxebizitzen balio katastrala 160.000€tatik 250.000€tara igotzea proposatzen du.  Izan ere, gaur egun Arrasaten OHGZ-k duen hobaria progresiboa da, hau da, familia-unitatearen diru sarreren eta seme-alaba kopuruaren araberakoa da eta etxebizitzaren katastro-balioak ezin du 160.000 €-tik gorakoa izan. Hau da, etxebizitzak hori baino balio altuagoa badu, familiek, diru sarreren eta seme-alaben kopuruari erreparatuz, 160.000€ horiei dagokion hobaria jasoko dute.

Kide ugariko familiek erosi ohi dituzten etxebizitzak, ordea, handiagoak izanik, balio katastral handiagoa izaten dute. Horregatik, udal gobernuak, etxebizitzen balio katastral hori igotzea proposatu du, jasotzen duten hobaria ere handiagoa izan dadin.

Horrez gain, kide ugariko familiengan ere azpimarra jarriz, Euskaltegiko tasetan langabeei ezarritako tasa bera jartzea proposatu du, gaur egun ez baitago inolako deskonturik horrelako familientzat eta bai, ordea, bestelako kolektiboentzat (langileak, langabetuak…).

Era berean, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, OHGZrako ezartzen diren diru sarrerak dituztenei hobariak aplikatzea proposatu du. Izan ere, kide ugariko familiek ibilgailu arrunt batek duen zilindrada baino handiagoa duen autoa erosi eta gidatu behar izaten dute (furgoneta, monobolumena…), familia osoa eraman ahal izateko, laguneko CO2 gutxiago isuri arren. Baina ibilgailuen zerga-kuota ibilgailuaren potentziaren arabera ezartzen denez, horrelako familiek zerga altuagoa ordaindu behar izaten dute. Egoera horren aurrean, beraz, gobernu taldeak, berdintasunez jokatze aldera, kide ugarien familientzako hobariak planteatu ditu zerga honetan.

Ondarea bizirik mantentzeko apustua

Bestalde, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko zergan (EIOZ), Erdi Aroko aztarna arkitektonikoak mantentzen dituzten etxebizitza edota eraikinak berreskuratzeko obrei hobaria ezartzea ere planteatu du gobernu taldeak.

Ur-tasaren egokitzea

Amaitzeko, ur hornidura zerbitzuaren inguruko tasa hain zuzen ur kontsortzioak adierazitako irizpideen arabera egokitzea proposatu du gobernu taldeak, hau da, kontsortzioak berak agindutako igoera aplikatzea.