Udaleko Osoko Bilkurak kale garbiketarako baldintza berriak onartu ditu
2024/03/06Udaleko Osoko Bilkurak kale garbiketaren kontrataziorako oinarriak onartu berri ditu, eta gobernuaren esanetan kontratazio berriak “hobekuntza nabarmenak” ekarriko ditu.
“Azken hilabeteetan, kale garbiketaren esparruan, helburu bi jarri ditugu, lehena, gutxiago zikintzea, eta, bigarrena, udal baliabideak hobeto aprobetxatuz hobeto garbitzea. Gaur onartutakoak bigarren honi erantzuten dio” adierazi du Kepa Urteagak, Auzoen eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko zinegotziak.
Hainbat berrikuntza kale garbiketan
Kale garbiketan egongo diren 3 hobekuntza berri eman ditu ezagutzera Urteaga zinegotziak: garbiketa zerbitzuaren berrantolaketa, makinaria berrian inbertsioak egitea eta garbiketa ez mekanizatua ezartzea.
“Garbiketa zerbitzua berrantolatu nahi izan dugu, gaur egungo gabeziak konpontzeko. Esate baterako, asteburuetan kale garbiketako zerbitzua indartzeko beharra ikusi dugu, eta zerbitzua langile gehiagorekin indartu dugu zapatuetan eta domeketan. Gaur gaurkoz zapatuetan 7 garbitzaile daude, eta domeketan 4 besterik ez. Agiri berriekin zapatu, domeka eta jai egunetan 9 pertsona izango dira lanean”. Horrez gain, paretetako garbiketak ere, orain arte, kontratuz kanpo egon dira, eta, aurrerantzean, aukerako zerbitzu moduan jasota egongo dira”.
Makina berriak ere gehituko dira garbiketa sistemara. “Gaur egun erabiltzen diren makina batzuk zaharkituak geratu dira, eta, horietako batzuek olioa galtzen dute, horrek eragiten duen arrisku eta zikinkeriarekin. Beraz, berritzea behar zuten makinak identifikatu eta inbertsio berriak egingo dira”.
Azkenik, alde zaharreko bizilagunen eskaerari erantzunez, goizeko lehen orduan garbiketa eskuz egingo da leku batzuetan. “Alde Zaharreko kaleak estuak dira, eta makinek ateratzen duten zarataren oihartzuna biderkatu egiten da goranzko norabidean, bizilagunen atsedenari eraginez. Horregatik, goizeko lehen orduetan eskuzko garbiketari ekingo diote langileek”.
Gutxiago zikintzeko kontzientziazio kanpainak
Kale garbiketa hobetzeko bigarren helburu nagusia izango da gutxiago zikintzea, eta, horretarako, kontzientziazio kanpainak egin asmo ditu udalak. “Herritar guztion ardura da gutxiago zikintzea, herri txukun eta garbi baten aldeko jarrera izatea, horregatik, kontzientziazio kanpainak indartu nahi ditugu. Gutxiago zikintzeak, ingurumenari eta ekologiari onurak ekartzeaz gain, garbiketa zerbitzuetan gutxiago gastatzea ere ekarriko luke. Beraz, halako kanpainekin saiatuko gara denon ekarpena eta inplikazioa bilatzen ”.
Epeak
Behin agiriaren oinarriak onartuta, lehiaketara aterako da lizitazioa. Enpresek beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, eta kontratu berria udazkenerako egongo da indarrean. Kontratazioaren aurrekontua 2.086.600 eurokoa izango da, BEZ barik, eta 2.295.260 eurokoa, BEZa barne.