Arrasateko Udalak kale garbiketaren zerbitzurako errefortzua kontratatu du jaietarako

2024/06/20
Card image cap
Boris Hamer-en argazkia - Pexels
Garbitzaileen errefortzuaz gain, ekitaldi jendetsuetan komun publiko gehiago eta edukiontzi gehiago jarriko dira.

2024ko San Juan jaiak zapatu honetan, ekainak 22, hasiko dira, eta prestaketa guztiak bidean dira. Kale garbiketa egokia bermatzeko, Arrasateko Udalak hainbat neurri hartu ditu aurten, prebentzioan zein kale garbiketaren zerbitzuan oinarrituta.

Langile gehiago kale garbiketan

Arrasateko Udalak langile errefortzua kontratatu du jaietan zehar kale garbiketa bermatzeko. Egunerokoan lanean ari diren langileei errefortzu taldea batuko zaie ekainaren 22tik 26ra bitartean. Modu honetan, batez beste, 18 garbitzaile izango dira lanean egunero kaleak garbitzen.

Garbiketa zerbitzuak indartu dira bereziki ekimen jendetsuetan, besteak beste, gazte olinpiadetan eta 'zeuk iñ zeuk jan'en. Haiek amaitutakoan, garbiketa zerbitzuak sartuko dira ingurua txukuntzera. 

Kaleak garbi izatea guztion ardura

Arrasateko Udalak gogorarazi du, errefortzuaz gain, garbitasuna guztion ardura ere badela, eta prebentziorako bitarteko berriak jarriko ditu. Berrikuntzen artean, edukiontzi gehiago eta behin-behineko komunak jarriko dira Zeuk iñ zeuk jan bazkarian eta gazte olinpiadetan, “ekimen jendetsuak dira eta zerbitzu horren beharra ikusi dugu” adierazi dute. Ekimen puntual horiez gain, behin-behineko komunak txosnetako jai-gunean ere egongo dira, ohi bezala. “Modu honetan, jendeak kalean pixa egitea ekidin nahi dugu, eta kaleak garbi mantentzen lagundu. Kaleak garbi izatea ardura konpartitua da, eta guztiok zaindu beharreko gauza da”.