Bisita gidatuak antolatu dira arrasatearrentzat, Juan Arzamendi Musika Etxea ezagutzeko
2022/11/25Aprendices eraikinaren eraldaketa Juan Arzamendi Musika Etxea bihurtzeraino abendurako antolatu diren bisita gidatuen esparruan ikusi ahal izango dute herritarrek.
Juan Arzamendi Musika Zentroa errealitate bihurtu da. 2016an Aprendices eraikina birgaitzeko proiektua idaztean hasitako bideak fruituak eman ditu, eta Goikobaluk eta Arrasate Musikalek gune berriak izango dituzte aurrerantzean beren jarduera gauzatzeko.
Herritarrei gune berria ezagutarazteko asmoz, udalak, Goikobalu abesbatzarekin eta Arrasate Musikalekin elkarlanean, 20 bisita gidatu antolatu ditu abenduaren 2tik 17ra. Arrasate Musikaleko kide Igor Larrañagak zuzenduko ditu bisitak.
Bisitak izango dira eguaztenetan (abenduak 7 eta 14, 2 bisita goizean eta beste 2 arratsaldean), egubakoitzetan (abenduaren 2an, 9an eta 16an, 2 goizean eta bat arratsaldean) eta zapatuetan (3an, 10ean eta 17an, 2 bisita goizean). Bisitak euskaraz eta gazteleraz izango dira.
Izena emateko: gaur, azaroak 25, irekiko da webgunean edo BAZen.
Gehienez ere 25 pertsonak hartuko dute parte bisita bakoitzean; beraz, guztira 500 pertsonak parte hartu ahal izango dute.