Jose Luis Iñarrarako hobekuntzak, Santa Marina auzoa egokitzea eta bidegorrian komun publikoak jartzea, partaidetzazko aurrekontuetan proiekturik bozkatuenak

2019/12/04
Card image cap
Guztira 113 proposamen aurkeztu dira eta jasotako 725 botoen artean, aipatu hiruak izan dira herritarrek gehien babestu dituzten proiektuak

Aurtengoa jada bigarren urtea da Arrasateko Udalak Partaidetzazko aurrekontuak ekimena abiarazi zuenetik, hain zuzen udal aurrekontuetan herritarren inplikazioa, parte-hartzea eta erabakimena sustatzeko eta herritarrekin elkarlanean Etorkizuneko Arrasate eraikitzeko urratsak ematen jarraitzeko.

Esate baterako, aurreko urtean Partaidetzazko aurrekontuen bitartez eraman dira aurrera Txikitxikoa, bizikletak garbitzeko gunea edo Erguingo igogailu proiektuaren idazketa ekimenak. Izan ere, urtetik urtera, aipatu egitasmoak harrera ona izan du arrasatearrengan eta herritarrek aktiboki parte hartu dute prozesuan zehar. 2019an guztira 113 proposamen jaso ditu Udalak eta azaroaren 24a bitartean, arrasatearrek herriko puntu ezberdinetan izan dute gustukoena bozkatzeko aukera, baita webgunearen bitartez ere.

Gauzak horrela, guztira 725 boto jaso dira, 184 horretarako jarritako gune berezietan (BAZ, Musakola, Kulturate…) eta 541 webgunearen bitartez. Eta proposamen sorta horren artean, arrasatearrek erabaki dute dagoeneko zertara bideratu nahi dituzten herritarrentzat jasotako 250.000€: Jose Luis Iñarrako jolas parkea zein espaloiak hobetu eta berritzera, Santa Marinako auzoa egokitzera eta bidegorrian komun publikoak jartzera, hain zuzen.

Aipatu hiru proiektuak izan dira, beraz, herritarren bozka gehien jaso dituztenak eta horrenbestez, baita 2020an martxan jarriko direnak ere. Kasu honetan, arrasatearrek egindako eskaera horiek aztertu ondoren, Udalak 100.000€ bideratuko ditu Jose Luis Iñarra kalea eta bertako jolas parkea hobetu eta berritzera eta 35.000€ Santa Marina auzoan egokitzapen lanak egitera, aipatu bi eremuak gune atsegin eta irisgarriagoak bilakatzeko helburuz. Era berean, bidegorrian komun publikoak jartzearen proposamenak ere herritarren babesa jaso du eta horrenbestez, Udalak proiektu horretara bideratuko du 250.000€ak estali arte gelditzen den kontu-saila arrasatearren eskariari erantzuna emateko xedez.

Amaitzeko Udalak aipatu proposamen horiek guztiak 2020 exekutatzen hasteko konpromisoa berretsi du, helburu izanik, posible den heinean, bere osotasunean exekutatu eta amaitzea.