Jasangarritasunari buruz aurtengo ondorio nagusiak jasota ikastetxeen arteko foroan
2023/05/08Dagoeneko landu dugu Arrasateko ikasle gehienekin Garapen Iraunkorraren aurtengo helburua, Udalako Ingurumen Eskolan egindako egonaldietan eta herriko kaleetan egindako saio ibilaldietan. Orain, iritsi da garaia ideia guztiak jaso eta herriko agintariei eta gainontzeko herritarrei helarazteko, eta horretarako bildu ziren Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikasle ordezkari Kulturaten antolatutako ikastetxeen arteko foroetan.
Gogora ekarriko dugu iazko ikasturtean lantzen aritu ginela Garapen Iraunkorreko 11. helburua, hiri eta komunitate jasangarriei buruzkoa, eta aurten, 2022/2023 ikasturtean, 7. helburuari ekin diogula, energia irisgarria eta ez-kutsagarriari buruzkoari.
Hain zuzen ere, ikasturte honetan aritu gara herriko energiari buruzko datuak aztertzen eta diagnostikoa egiten, eta saiatu gara galdera hauen erantzunak bilatzen:
- Zertarako erabiltzen dugu energia Arrasateko herritarrok?
- Garraiorako, berokuntzarako eta argindarrerako zer-nolako energia erabiltzen dugu?
- Energia horiek guztiek zer jatorri dute, nondik ekartzen dira eta zelan?
- Erabiltzen dugun energia gehienaren jatorria zelakoa da, fosila edo berriztagarria?
- Zelakoak dira energia iturri berriztagarriak erabiltzen dituzten instalazioak?
- Zelan erabili dezakegu energia gutxiago eta modu eraginkorrean?
Ikasleek aurkeztuko dituzte gaiarekin lotutako ondorioak, proposamenak eta konpromisoak, hain justu, maiatzaren 11n antolatu den Udaleko Osoko Bilkura berezian.