Emakume Txokoak baliabideak jarri ditu, jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko

2024/06/19
Card image cap
Arretarako telefonoa 688 80 91 37 izango da, eta arreta gunea, berriz, Gazte Bulegoan egongo da.

Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ sailak, sanjuanei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, aurten ere hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu, hala nola indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua eta arretarako telefonoa.

Azken hori urteroko telefono zenbaki berbera izango da, 688 80 91 37 zenbakia. 20:00etatik goizeko 8:00etara egongo da erabilgarri eta laguntza eskatzeaz gain, informazio edo aholkua emango dute. Telefonoa erabilgarri egongo da emakumeentzat eta  LGTBI+ pertsonentzat.

Informazio gunea Arbolapetan

“Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea” Arbolapetan egongo da ekainaren 22, 23, 24 eta 25ean, 20:00etatik 00:00etara. Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.

Gunearen helburuak dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gune bat sortzea eta bitartekoak ematea indarkeriari aurre egiteko, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.

Arreta puntua Gazte Bulegoan

Bestetik, jaietarako propio, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan. Aurten, ekainaren 22tik 25era, azkena barne, 00:00etan hasi eta goizeko 08:00ak arte. “Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefensa feministan emakume adituak aurkituko dituzu han. Horrez gain, espazioa irekita egongo da, LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean” adierazi dute udal ordezkariek.

Eragileekin eta teknikariekin koordinazioan

Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzuekin eta protokoloekin koordinaturik egongo dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin.

Bestetik, San Juan jaietara begira, koordinazio gune nagusi bi jarri dira, bata udal barruko teknikarien, politikarien eta udaltzaingoaren artean; eta, bestea, mugimendu feministaren eta udal ordezkarien artekoa. Arrasateko Udalak diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatu ditu.