Jaietan Arrasate “pizteko” egitarau eta kanpaina aurkeztu dute

2024/12/04
Card image cap
Bigarren urtez egin dute spota, oraingoan honetan elkarlanaren beharra balioan jarriz. 50 ekintzatik gora antolatu dituzte elkarlanean, abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra, eta online kontsulta daiteke arrasate.eus-en.

Arrasateko Udalak eta hainbat kultur eragilek gabonetarako kanpaina eta egitaraua aurkeztu dute Kulturateko Areto Nagusian. “Gabonetan Arrasate PIZTU DEIGUN” lemapean burutuko dituzten 50 ekintzatik gora, eta propioki sortutako spota aurkeztu dute.

Arrasate pizteko gakoa: elkarlana

Maider Morras alkateak aurkeztu du aurtengo kanpainaren leloa eta spota. “Piztu hitza erabili dugu kanpaina honetan, Gabonetako argien piztearen metafora erabiliz, herria piztu nahi dugula adierazteko. Horretarako elkarlanaren balioa ekarri nahi izan dugu lehen lerrora.
Spotean landu nahi izan dugun moduan, gabonetan herria pizten duten eragile asko eta asko daude, eta guztien arteko elkarlanari esker lortzen dugu Arrasate piztea. Eragile hauek Olentzeroren laguntzaile bezala identifikatzen ditu spoteko protagonistak, Maiak” azaldu du alkateak.

 

Egitarau zabala aurreikusten dute hilabete honetan zehar, “eragile askoren lanari esker”. Helburu jakin batekin antolatu dituzte ekintzok, “jai egun hauek, Arrasaten bertan gozatu ahal izateko. Gure herrian. Entretenitu eta gertukoekin une politak bizitzeko” adierazi du Morrasek.

50 ekintzetatik gora programatuta

Abenduaren 5ean, argiak piztearekin eta haurren barraken irekierarekin batera, emango diote hasiera gabonetako egitarauari. Hilabetez luzatuko dira adin eta mota guztietako ekintzak jasotzen dituen egitarauak, eta urtarrilaren 6ra arte iraungo du; izan ere, “gau horretan, argiak itzaltzearekin batera, emango diogu amaiera gabonetako kanpainari”. Aurten, berrikuntza bezala, egitaraua online kontsultatu daiteke “publiko eta ekintza motaren arabera sailkatuz”. Egitarau osoa: https://gabonetakoegitaraua.arrasate.eus/ 

  • Haurrentzako egitarau zabala
    Haurrek, urtero bezala, San Nikolas bolo-boloarekin hasiko dute egitaraua abenduaren 6an. Auzoetatik hasi eta erdigunean amaitu arte. Egun horretan bertan puzgarri eta jolasak izango dira Biterin Ibai Artek antolatuta, abenduak 6, 7, 8, 14 eta 28an. Hortik aurrera, ekintza ugari hilabete osoan zehar: ludotekak antolatutako tailerrak, jolas eta irteerak, kiliki eta erraldoiak, santamas krossa, Olentzero, diskofesta eta Yougurinha Borovaren haurrentzako drag ikuskizuna, besteak beste.
    Urtea ondo eta jolasean hasteko TXIKILANDIA gabonetako haur parkea izango da Uarkapen, ohi moduan, urtarrilaren 2tik 4ra.
  • Denetariko ekitaldi motak
    • Musikan, herriko taldeen kontzertu eta kantaldiak izango dira, besteak beste, Trikitixa taldearena, Goikobalurena, Arrasate Musikalena edota Txorbela otxotearena. Kanpotik datozen artistak ere izango ditugu gurean: Olatz Salvador izango da Amaia Antzokian abenduak 23an, Euskadi Brass Juan Arzamendi Musika Etxean 14an edota atzo aurkeztu genuen Akordeoi Lehiaketako musika emanaldiak asteburu honetan.
    • Askotariko azokak izango ditugu herrian. Garrantzitsuena eta ezagunena, Santamasetako Azoka bera. Barazkiak, artisauak eta bestelako saltokiak izango dira. Ohitura bilakatu den Arrasateko artisauen azoka ere izango da Seber Altubeko karpan abenduaren 14, 15, 21 eta 23an. Txatxilipurdiren jostailu truke merkatua Biteri plazan izango da abenduaren 14an, eta IMMEren jostailu banaketa abenduaren 20an. Azkenik, berrikuntza bezala, bigarren eskuko liburu azoka egingo da berreskuratzen hasi berri diren Zarugalde kale hasierako plazatxoan. Bertako komertzioek guneari eta kaleari eman nahi dioten bultzadaren barruan antolatu dute ekimena. “Duela gutxi ere baserritar jantzien desfilea egin zuten, eta gutxika gutxika espazio horri bizitza eta erabilpen berri bat ematen jarraitzeko asmoz daude, eta Udala bidelagun izango dute”.
    • Adin guztietarako tailerrak izango dira. Artisau sortzaileek gidatutakoak izango dira, alde batetik, zeramika, zianotipia edo zentzuak piztuz tailerrak; eta, bestetik, izango dira pandero tailerra, haurrentzako sukaldaritza tailerra, totebag tailerra eta gaztetxoentzako muralgintza tailerra.
    • Kaleak girotzeko kalejirak ere izango dira: Erraldoi eta Kilikien konpartsa kalejiran izango da abenduaren 21ean herriko kaleetan. Musika kalejiretan ere ez da motz geratuko, besteak beste, txotxongiloekin egindako kalejira, txistulariak, Goikobalu, Txorbela otxotea edota Portaloi Taldearekin kantujira. Eta Wonderland kale ikuskizuna ere izango da abenduaren 20an, Ibai Artek antolatuta.
    • Bestelako ekintza asko, besteak beste, drag ikuskizunak, antzerkia, AEDren bertso saioa (sarrerak salgai arrasate.eus-en), esku pilota partidua, krosa edota dantzaldiak.

Gabonetako karpa berezia Seber Altube plazan

Aipamen berezi egin diote antolatzaileek, aurten, Arrasateko Udalak, Seber Altube plazan jarriko den gabonetako karpari. Karpan izango dira artisauen azoka, santamasetako barazkien azoka, IMMEren jostailu banaketa eta tailerrak; baita drag ikuskizunak, bata helduentzat, abenduaren 29an, eta bestea haurrentzat 30ean.

“Abenduaren 29an Albina Stardust eta Divina Comedia igoko dira oholtzara show berezi batekin. Aniztasunaz eta entretenimenduaz gozatzeko aukera paregabea. Aipatzekoa da, Divina Comedia drag-aren atzean, Danel Pascual artista arrasatearra dagoela”. Beste drag show ikuskizuna abenduaren 30ean izango da, haurrentzat kasu honetan. Horretarako Yougurinha Borova drag artista etorriko da Arrasatera.

Horrez gain, gogorarazi dute, karpa irekita egongo dela egun osoan zehar. “Egitaraurik ez dagoenean, herritarrentzat aterpe izatea nahi dugu” adierazi dute.

Esker mezua eragile eta Udal langileei

Amaitzeko, esker mezua helarazi nahi izan die alkateak egitarauan parte hartuko duten eragile guztiei, eta bereziki, kartela sinatzen duten 4 eragileei. “Eskerrik asko Ibai Arte merkatari elkarteari, beste behin egitarau hau osatzeko ezinbesteko pieza izateagatik. Eskerrik asko Txatxilipurdi elkarteari, haur eta gazteentzako aisialdi euskaldun eta parekidea eskaintzeagatik. Eskerrik asko baita ere, Santamas komisiñuari, euskal kultura zaindu eta ospatzeko egiten dozuen lan guztiagatik. Eta, amaitzeko, Udaletxeko langileei ere eskertza. Egun hauek askorentzat jai egunak diren bitartean, Udal langileentzat etengabeko lana izan ohi da. Beraz, eskerrik beroenak udal teknikari, brigadako langile edota garbitzaileei”.