Itxaropena eta Kurtze Txikiko parkeak bukatuta, legealdi honetan, auzoetan eta erdigunean, guztira 8 parke berritzeko 1.128.000 euroko inbertsioa egin du Arrasateko udalak
2019/02/28Dagoneko amaitu dira Itxaropena eta Kurtze Txikiko haur parkeak, legealdi honetan berritu diren 8 jolas parkeetan azkenak. Horrela, udal gobernuak, orain lau urte emandako hitza betetzat ematen du, bere programan jasotzen baitzuen jolas parkeak berritu eta zenbait estaltzeko konpromisoa. Guztira 8 parke berritu dira, 6 auzoetan eta 2 erdigunean eta 1.128.688,27 euro inbertitu dira. Inbertsiorik handienak behar izan dituztenak parke estaliak izan dira, guztiak auzoetan, Gorostizako parke estalian 248.901,08 euro inbertitu dira, Makatzenakoan 181.506,67 euro eta Itxaropenakoan 342.193,70 euro, azken hau da, hain zuzen, egin den inbertsiorik handiena. Estalitako parke horiez gain, Munarren 27.588 euro inbertitu dira, Zaldibarren 33.450,45 euro, Nao Santiagon 82.279,15 euro eta Biterin 146.356,86 euro.
Haurren aisiaren inguruko apustua, beraz, argia izan da legealdian zehar, jolas parke horiez gain, Udalak Txiki txokoa zabaldu du eta Santa Barbarako ur parkearen proiektua egin eta esleipen prozedura martxan jarri du. Udalak haurrak erdigunean jarri ditu eta herriko erabakietan parte-hartzera gonbidatu ditu, 2017an Haurren Kontseilua osatuta. Maria Ubarretxena alkatearen hitzetan “haurrak dira Arrasateren etorkizuna eta haurrak erdigunean jartzea garrantzitsua dela uste dugu”. “Jolas parkeetan inbertsio handia egin dugu, milioitik gorakoa eta uste dugu egin beharreko inbertsioa zela, izan ere, urteotan guztiz ahaztuta egon dira. Gainera gure klima euritsua kontutan izanik beharrezkoak ziren Arrasate bezalako herri batean eguraldi txarrarekin jolastu ahal izateko eremuak. Gure konpromisoetako bat hauxe izan zen eta gure hitza bete dugu” amaitu du Ubarretxenak.