Itsasontziarena izan da Kurtze Txiki jolastokia eraberritzeko diseinurik bozkatuena

2018/10/02
Card image cap
Guztira 236 herritarrek parte hartu dute jolastokia eraberritzeko proiektuaren aukeraketa prozesuan eta “Kurtzetxiki itsasontzia” diseinua izan da bozkatuena, 101 botorekin; beraz, proiektu hori da Udalak gauzatuko duena

Herriko hainbat jolastoki berritu ditu azken urteotan Arrasateko Udalak espazio horiek herriko haurren beharretara egokitzeko eta txikienei aisialdirako aukera berriak eskaintzeko helburuarekin. Besteak beste Gorostizako parkea estali da, Munar, Zaldibar, Biteri edota Nao Santiagoko parkeak berritu dira eta urtea amaitu aurretik, Kurtze Txiki jolastokia berritzearekin batera, Itxaropena parkea ere estaltzea aurreikusi da.

Gauzak horrela,  San Andres auzoko Kurtze Txiki jolas parkea eraberritzeko proiektuaren aukeraketa herritarren esku utzi nahi izan du Udalak. Horretarako parte hartze prozesua gauzatu da arrasatearrek gustukoen zuten diseinua aukeratzeko. Modu honetara, aukeraketa prozesuaren bitartez, herritarren eta bereziki haurren behar eta nahiei erantzun nahi izan zaie, azken hitza haien esku utziz.

“Kurtzetxiki itsasontzia” proiekturik bozkatuena

Herritarrek 8 diseinu proposamenen artean aukeratu behar izan dute. Ikusgai izan dituzte Bedoñako eskolan eta irailaren 17tik 30era bitartean bide ezberdinak erabiliz bozkatu ahal izan dute arrasatearrek gustukoena zuten diseinua.

Guztira 236 boto jaso dira, 111 Bedoñabe eskolan jarritako kutxan eta 125 bozka webgunearen bidez, eta horietatik 101 jaso ditu itsasontziaren proposamenak, beraz, “Kurtzetxiki itsasontzia” proiektua izan da diseinu irabazlea. Hori dela eta, enpresa irabazleak 500€ko ordainsaria jasoko du diseinurik bozkatuena izateagatik eta Udalak, noski, proiektu hori gauzatuko du herritarrek horrela erabaki dutelako.

Parkea urte hasieran amaituta                                        

Jolastokia eraberritzeko lanek 68.000€ko aurrekontua izango dute. Esleipen prozedura abian jarriko du orain Udalak eta parkea urte hasieran bukatzea aurreikusten du.

 

Proposamena Botoak
1.- KURTZETXIKIKO ITSASONTZIA 101
2.- HERRIAREN ARANA 46
3.- HEROIA IZATEKO TXOKOA 35
4.- KURTZETXIKI MENDIAREN ETA ARAMAIOKO IBAIAREN ARTEKO HIRIA 22
5.- MUGIMENDUAREN LELKUA 17
6.- DRAGOIAREN HARRIAK 11
7.- DENOK JOLASTEN GARA 4
8.- TXIRRISTAK 0
DENETARA 236