Irrintziaren inguruko bi ekimen antolatu ditu Emakume Txokoak datorren martxoaren 21 eta 22rako

2025/03/19
Card image cap
Martxoaren 21ean Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzek zuzendutako “Erraiak” filma eskainiko da Kulturateko Areto Nagusian. Martxoaren 22an, Isabel Kirze Otxandianok bideratuko duen “Irrintzi tailerra” izango da, Emakume Txokoan, Jabetze Eskolaren plangintzaren baitan.

“Erraiak” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Kulturaten

Ekain Martinez de Lizarduy irakasle eta antropologoak eta Arteman Komunikazioa taldeak, 2018an, elkarlanean sortutako dokumentala da Erraiak (2018). Filma hainbat nazioarteko jaialdietan mugitu da eta sari ugari jaso ditu. Irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa proposatzen du Martinez de Lizarduyk eta dokumentala, gaiari buruz inoiz egin den lehen ikus-entzunezkoa da.

Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala.

Dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa? Erritmo bizian, irrintzi ugariz jantzia, argazki izugarriaz, 32 minututan dokumentalak irrintzia zer den azaltzen du, emozioak eraginez eta hausnartzera gonbita eginez.

Martxoaren 21eko emanaldian, Ekain Martinez de Lizarduy izango da Kulturaten, filma aurkezten. Filma proiektatu ondoren, solasaldira Isabel Kirze Otxandiano batuko zaio. Irrintzilaria eta irrintzian aditua da Isabel Kirze eta zapatuan, martxoaren 22an, Irrintzi tailerra eskainiko du Emakume Txokoan.

“Irrintzi” tailerra Emakume Txokoan

Tailerrak interes handia sortu du eta filmak irekiko duen hausnarketan eta praktikan sakontzeko aukera emango du. Irrintzia botatzean, geure gorputza aktibatzen dugu, bere ahalmenaren kontzientzia hartzen dugu eta sinbolikoki ere, espazio soziala okupatzen dugu. Emakumeon ahalduntzerako tresna bezala landuko dugu eta bere transmisioari eusteko ariketa bat egingo dugu. “Erraiak” dokumentalean ikusiko dugun bezala, antzina-antzinatik datorren transmisio bat delako, eta ondare horren transmisioan gure aletxoa jarri nahi dugulako.