Iritsi dira eguberriak Arrasatera

2016/12/01
Card image cap
Abenduaren 2an piztuko dira kaleko argi-apaingarriak eta aurten ere izotz pista ezarriko da Biteri plazan herriko haur, gazte zein helduentzat

Eguberriak gainean ditugula, Arrasateko Udalak jada prest ditu kaleko argi-apaingarriak herria zein herritarrak Gabon eta festa giroan murgiltzen has daitezen.

2007 eta 2015 bitartean kaleak ez ziren Eguberrietako argiekin apaindu. Iaz, ordea, Udalak argiteria berriro jartzea erabaki zuen azken urteetan Arrasateko kaleetan galdutako Gabon giroa berreskuratzeko eta aurten ere gauza bera egin nahi izan du.

Horiek horrela, kaleko argiak pizteko ekitaldiak emango dio datorren ostiralean hasiera Arrasateko Eguberriei. Ekitaldi hori arratsaldeko 19:00etan ospatuko da Portaloian eta bertan izango dira udal ordezkariak eta Goikobalu ume abesbatza, zeinak hainbat abesti eskainiko dituen ekitaldia girotzeko. Gonbitea Herri Eskola zein Arizmendi Ikastolari ere luzatu zaio.

Aurten Alecop enpresako zein Al Andalus Kultur Elkarteko kide bana izango dira argiak piztearen arduradun. Alecop kooperatiba arrasatearrak 50 urte bete berri ditu alor ezberdinetarako proiektu hezitzaile eta hornikuntza didaktikoak garatzen eta haien urteurrena ospatzeko, Gabonetako argiak pizteko aukera eman nahi izan dio Udalak. Era berean, Al Andalus elkarteak 25 urte bere zituen iaz eta ibilbide luze horri isla emateko gonbidatu du Udalak argiak pizteko ekitaldira.

 

IZOTZ PISTA

 

Bestalde, festa giroaz gozatzen jarraitzeko, aurten ere, izotz pista ezarriko da Biteriko plazan, ekimen honek iaz izandako arrakasta eta harrera ona aintzat hartuta. Beraz, 20x14 metroko azalera, 278m2 (iazkoak 185 m2 zituen), izango duen pista zabalik egongo da abenduaren 23tik urtarrilaren 9a bitartean herriko haur, gazte zein heldu guztien gozamenerako.

  • Ordutegiak:
    1. Abenduak 23, urtarrilak 2, 3 eta 4 = 16:30-21:00
    2. Abenduak 24 eta 31= 11:30-13:30 eta 16:30-20:00
    3. Urtarrilak 1 itxita
    4. Gainontzeko egunak (urtarrilak 8 arte) = 11:30-13:30 eta 16:30-21:00
  • Prezioa: Haurrak euro 1 / 2 euro helduak


Era berean, Eguberrietako ekintza eta ospakizunen artean ezin ditugu ahaztu San Nikolas bolo-bolo abenduaren 6an,  Santamasen jaia abenduaren 22an, Olentzero eta bere lagun Txoronpio eta Txoronpiaren bisita hilaren 23 eta 24an edo Errege Kabalgata urtarrilaren 5ean, besteak beste.  

Ekimen horiek guztiekin Arrasate eta Arrasatearrak festa giroan murgildu nahi ditu Udalak. Gobernuak garrantzitsutzat jo zuen iaz, baita aurten ere, Arrasate behar bezala girotu eta herriko kaleak jai giroaren isla izatea, elkargunerako parada, elkarbanatzeko espazio bat, eta baita erosketetarako gune ere. Kale argiztapenak eta bizitasunak herriko denda, saltoki eta tabernetan eragin zuzena izan dezakeela adierazi du Udalak. Horregatik, tokiko merkataritzaren aldeko apustuan,  dei egiten die arrasatearrei Eguberrietako erosketak herrian bertan egin ditzaten, guztien artean, Arrasateko saltokiak babestu eta indartu ditzaten.

Amaitzeko, Udalak jai egun alai, bizi eta zoriontsuak opa nahi izan dizkio herritar orori eta guztiak festa egun eta giroaz gozatzera animatu ditu.