Arrasateko Udalak herritarren iritziak jaso gura ditu irisgarritasun, efizientzia energetiko eta bizigarritasun baldintzak arautzen dituen ordenantzaren artikulu bat berridazteko

2023/09/27
Card image cap
Hain zuzen, ordenantzaren 6. artikulua berraztertu eta berridatzi gura du, eta, horretarako, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte udalaren webgunean, urriaren 16ra arte.

Arrasateko Udalak abian jarri du prozesu bat, irisgarritasun, efizientzia energetiko eta bizigarritasun baldintzak arautzen dituen ordenantzaren 6. artikulua berraztertu zein berridazteko.

Izan ere, gaur egun, artikulu horrek ez ditu jasotzen egunerokotasuneko behar errealak edota gertatu daitezkeen egoera guztiak. Ordenantzak, beraz, ez ditu jasotzen modu egokian Arrasateren zein arrasatearren beharrak, eta, horren ondorioz, ez die erantzuten behar bezala.

Herritarren iritziak jasotzeko prozesua, urriaren 16ra arte

Ordenantzaren 6. artikuluak eraikinen bolumetriaz dihardu, eta, bolumetria hori aldatzeko, eskaera bateratuei ematen die lehentasuna; bateratua ez den kasuetan, atari guztien adostasuna eskatzen du.

Horren arabera, artikuluaren erredakzioa oztopoa izan daiteke berariaz eskaini eta lortu gura den irisgarritasun hori lortzeko. Horregatik, Arrasateko Udalak prozesu bat zabaldu du artikulua berraztertu eta berridazteko, gaur egungo ordenantzak Arrasateren zein arrasatearren behar errealei erantzun diezaien.

Horri jarraikiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte urriaren 16ra arte, udalaren webgunearen bitartez.

Ordenantza osoa irakurgai dago hemen.

Ekarpenak egiteko, herritarrek hona jo behar dute.