Irailaren 16tik 23ra, mugikortasun astea Arrasaten

2018/09/14
Card image cap
Mugikortasun jasangarri, iraunkor zein osasuntsua bultzatu eta herritarrak sentsibilizatze aldera hainbat ekimen antolatu ditu Udalak: bigarren eskuko “bir-zikleta azoka”, bizikleta erakusketa edota mugikortasun adimentsuaren inguruko informazio kanpaina, besteak beste

2002an hasita, jada 16 urte daramatza Arrasatek, Europako Mugikortasun Astearen ospakizuna oinarri hartuta, herrian eta herritarren artean, mugikortasun jasangarriaren aukerak indartzen.

Horiek horrela, datorren hilaren 16tik 23ra, urteroko Mugikortasun Astea ospatuko du eta horretarako, garraiobide garbiagoen erabilera ardatz zein helburu hartuta, ekimen ugari antolatu ditu.

Esate baterako aste osoan zehar mugikortasun adimentsuaren inguruko informazio kanpaina egingo da. Kanpaina horren bitartez, mugikortasun iraunkorraren inguruko aholku zein datuak jaso ahal izango dituzte interesdunek.

Horrez gain, aste osoan ere “Eskolara oinez” esperientzia bultzatuko da. Horren baitan, eskolara oinez joateko irteera eta bideak jorratuko dira goizero 5. mailako ikasleekin. Era berean, aurtengoan ere herri busa doan eskainiko da irailaren 16tik 22ra.

Asteburura begira, aldiz, larunbatean, hilak 22, herriko merkataritza establezimenduekin elkarlanean, “Mugitu zaitez bizikletaz” erakusketa egingo da Mondragones kalean goizeko 11:00-14:00 bitartean. bertan, bizikleta elektriko ezberdinak erabiltzeko aukera izango dute arrasatearrek.

Igandean, hilak 23, urteroko bizikleta bira abiatuko da Seber Altube plazatik goizeko 10:30ean. Aurtengoa, ordea, bira didaktikoa izango da, Vasco-Navarro tren ibilbidetik bizikleta bira egiten duten aldi berean, geldiune ezberdin bitartez, trenaren historia ezagutzeko aukera izango baitute parte hartzaileek.

 

Birzikleta azoka: bigarren eskuko bizikleta azoka

Mugikortasun astearen baitan egiten den ekintzarik esanguratsu eta erakargarriena bigarren eskuko bizikleta azoka izaten da. Aurten, hilaren 22an, larunbatean, ospatuko da, Mondragones kalean, goizeko 11:00-14:00 bitartean.

Urtero bezala, aurrez, azokarako egoera onean dagoen edozein material eta mota ezberdinetako bizikletak bilduko da: mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, kaskoak, gurpilak…

Material hori Udal Azokara eraman beharko da:

  • Irailak 15, larunbata: 11:00-13:00
  • Irailak 18 eta 20, asteartea eta osteguna: 11:00-13:00 eta 17:00-19:00

 

Arrasateko merkataritza berdearen asteartea

Mugikortasun asteari helduz, herriko merkatariek ere bat egin dute ospakizunarekin eta irailaren 10etik 21era bitartean, Arrasate txartela erabiltzen duten herritarren artean 3 bizikleta eta hoveboard bat zozketatuko dira. Sariak, irailaren 21ean banatuko dira, Herriko Plazan, 20:15ean.

Horrez gain, haurrentzako birziklapen tailerra ere antolatu dute merkatariek. Tailer hori, Txatxilipurdik zuzendua izango da, irailaren 21ean, 18:00etatik 20:00etara, Herriko Plazan.