Arrasateko Udalak Intxorta 1937 elkartea omendu du, memoria historikoaren arloan egindako lanagatik

2023/11/13
Card image cap
Maider Morras Arrasateko alkateak ekitaldian azpimarratu du elkarteak “ibilbide luze bezain emankorra” egin duela: “Dozenaka proiektu jarri dituzue martxan helburu bakar batekin: ikusezin nahi zituzten biktimei izen eta abizenak jartzea”.

Arrasateko Udalak Intxorta 1937 elkartea omendu du, elkarbizitzaren eta memoria historikoaren berreskurapenaren alde egindako lan nekaezinagatik. Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna, baliatu nahi izan du Udaleko Bizikidetza batzordeak omenaldia egiteko. Maider Morras Arrasateko alkateak ekitaldian azpimarratu du elkarteak “ibilbide luze bezain emankorra”: ehunka testigantza, dokumentu historiko eta artxibo ezberdin ekarri dituzue argitara, askotariko formatutan: liburuak, erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak… Dozenaka proiektu jarri dituzue martxan helburu bakar batekin: ikusezin nahi zituzten biktimei izen eta abizenak jartzea. Euren duintasuna berreskuratzea. Ez hori bakarrik, istorio bat ere eman diguzue. Indarrez kendu zituzten bizitzen istorioak argitara ekarriz. Dagokien balioa emanez”.

Udalak azpirramtu du ere Intxorta 1937 elkarteak memoria ikuspegi feministatik lantzeko izan duen ardura, 2016ko Emeek Emana proiektua adibide jarriz, eta baloratu du ere herrigintzaren alde egindako lana. Hala, egunerokoan, borondatez eta motibazioz lanean ari den taldeari merezi dion balioa eman dio Morrasek. “Lan nekaezina  eta amaigabea, informazio berriei tiraka lan egiten, artxiboak han-hemenka arakatzen… Konpromisoz. Herriarekiko eta egiarekiko konpromiso osoz”, azpimarratu du.

Memoriaren egunaz, eguneroko lana

Kulturaten egin den ekitaldian, Arrasateko Udalak eta Udalbatzak aitortza egin diete altxamendu frankistatik hasi, gerra zibilak eta ondorengo diktadurak eragindako milaka eta milaka giza eskubideen urraketen eta indarkeriaren biktima izan direnei. Eta Maider Morras alkateak Intxorta 1937 elkarteko kideei adierazi die alboan izango dituztela memoria partekatu eta kolektiboa eraikitzeko lanetan: “Gertatutako guztia ezagutuz berriz errepika ez dadin oinarriak eraikitzen”.

Hala, memoriaren egunaz eguneroko lana egiteko deia egin du Arrasateko Alkateak, “kontatu diguten historia osatzeko ezinbestekoak diren gertaerak eta aurpegiak ezagutaraziz, eta bortizkeriak etendako eta baldintzatutako bizitzen erreparaziorako pausuak emanez”.

Kolpez kolpe, bertsoz bertso eta artxiboz artxibo

Esker oneko hitzekin hasi dute beren hitzartzea Intxorta 1937 elkarteko Julia Monjek eta Juan Ramon Garaik. “Eskerrik asko 1985etik ikasten eta aurrera egiten joan den memoria elkarte txiki baten lana aitortzeagatik”.

Atzera begira jarri dira gaur ere, eta beren lana eta beste hainbat herritako elkarterena baloratu dute (Aretxabaleta, Elgeta, Oñati, Eibar, Bergara…), eta batez ere, azpimarratu dute haien testigantzak eman zituztenen garrantzia. Hala hitz egin dute: “Atzera begiratzean, harro sentitzen gara Egiaren eta Justiziaren alde egin dugun guztiaz, zeren... zer litzateke pertsona edo herri bat bere historiarik gabe?”.

Elkartea lanean hasi zenean, orain 37 urte, administrazioak erakusten zuen isiltasuna ere gogoratu nahi izan dute, eta “orduan erakundeak memoria euren agendetatik urrun” zutela nabarmendu dute. Oktubre Taldea, Arrasate 1936 - Una generación cortada liburua, eta 89 fusilaturi izena jartzea aitzindari izan ziren Euskal Herrian, “baina erakundeen laguntzarik gabe egin ziren”. Orduan elkarteko kide izan ziren hainbat gaurko ekitaldian zeuden, “baina beste asko beren legatua utzita joan ziren”, esan dute Intxorta 1937 elkarteko ordezkariek.

Julia Monjek eta Juan Ramon Garaik azpimarratu dute 2005etik gaur egunera historia berreskuratzen lan egin dutela, “poetak zioen bezala, kolpez kolpe, bertsoz bertso, eta gure kasuan artxiboz artxibo ere bai, baina batez ere sufrimendu askorekin, gure historia berreskuratzen aritu gara, memoria horiek denak jasotzeko eta elkarbanatzeko helburuarekin”.

Ozen adierazi dute iragana ezin dela estatistika bihurtu. “Lubaki batetik edo sukaldeko bakardadetik beren idealen alde borrokatu zuten gizonen eta emakumeen seme-alabak, bilobak, anai arrebak, eta gero eta bizbiloba gehiago gara”.

Giza eskubideen urraketa salatzen jarraituko dute

Intxorta 1937 elkarteko kideek gaineratu dute, urte horietan guztietan bizi izan dituzten zailtasunak ugariak izan badira ere, “beti giza eskubideen urraketa salatzen” jarrituko dutela. Hala, datorren urterako dituzten proiektuen berri ere eman dute.

“Memoriaren transmisioari buruzko erakusketa berritzaile bat jarriko dugu; gerrako haurren ikerketarekin jarraituko dugu, eta lana Euskal Herri osora zabaldu; eta liburu bat argitaratuko dugu Arrasateko emakumeen torturari buruz. Lan kolektibo baten ondoren genero ikuspegitik egindako liburua da. Eta mugak gaindituz, Txilera joango gara, non Winnipeg-aren iritsieraren 85. urteurrena ospatuko dugun erakusketa handi batekin eta zeharkaldiari buruzko liburuaren bigarren edizioarekin”, jakinarazi dute.

Hitzartzea amaitu dute esanez Intxorta elkartaren ateak irekita egongo direla, “biktima guztien egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldeko borrokan”.

Bizikidetza batzordearen lana balioan jarri da

Memoriaren eguna baliatu nahi du Arrasateko Udalak Bizikidetza batzordearen lana ere balioan jartzeko. Bizikidetza batzordea sortu zen memoria partekatu bat izateko helburuarekin, eta horretan jardun du urte horietan guztietan. Maiatzean egindako Udal Hauteskundeak tarteko, Bizikidetza batzordea berritu egin da, eta haren ondorioz, udal ordezkari berriak izendatu dira. Horrek batzordearen lanketa atzeratu egin du, eta horregatik, aurten, azaroaren 10ean, udalaren aitortza elkarte batek jasoko du.

Maider Morras alkateak gaurko ekitaldian azpimarratu duen eran, azken hilabeteetan bidea ez da erraza izan, “baina guztiaren gainetik elkarlana eta kontsentsua lehenetsi dira. Memoria kolektiboa, plurala eta integratzailea bilatzea da helburua, eta ahalegin horretan jarraituko dugu”. Alkateak eskerrak eman dizkie Bizikidetza batzordeko kideei eta aurreko legegintzaldietan batzordean lanean ibili diren kideei, egin duten lanagatik.

Gaurko ekitaldian ez da biktimarik aitortu; ez behintzat modu zuzenean, azken urteetan egin izan den bezala. Morrasek azaldu duenez, “memoriaren alorrean denborek eta prozesuek emaitzek bezain beste garrantzia dute, eta garrantzitsua da horiek bermatzea. Aurten, jarraian izandako bi hauteskunde zikloek ez dute bermerik eskaini prozesu eta denbora horien kudeaketa egokietarako. Baina "konpromiso osoa duzue, bai Bizikidetza batzordearena, baina baita nirea pertsonala ere, lanean jarraituko dugula giza eskubideen urraketa sufritu duten biktimak aitortzeko eta erreparatzeko”.