Arrasateko Udalak indarkeria matxistarik gabeko Santamas jaiak aldarrikatu ditu

2022/12/21
Card image cap
Arbolapetan ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ ezarriko da abenduaren 21ean eta 22an, eta ’24 orduko arreta telefonoa’ egongo da herritarren eskura.

Arrasateko Berdintasun sailak, beste behin, baliabideak jarriko ditu herritarren eskura, Santamas jaien bueltan eman daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko. Indarkeria matxistarik gabeko jaien aldarriarekin batera, hainbat baliabide plazaratuko dira.

Baliabide horietako bat da Arbolapetan egongo den ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’. Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira, gerturatu gura duten emakumeak eta neskak artatzen. Gunea: abenduaren 21ean, 22:00etatik 02:00etara, eta abenduaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik 02:00ak arte.

Indarkeria sexistarik gabeko gunearen helburuak dira, besteak beste, Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu eran, “emakumeak eta herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea; indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea; erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea; emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearazi, eta horretarako bitarteko eta lan tresnak eskaintzea”.

Bestetik, jaietarako propio, ‘24 orduko arreta telefono’ zerbitzua egongo da. Abenduaren 21ean eta 22an zehazki. Bertan, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta beharrezkoa balitz eta erabiltzaileak propio eskatuz gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko da. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da eta hainbat lekutan egongo da ikusgai.

Emakume Txokotik eskaintzen diren baliabideak eta euskarriak, bestelako zerbitzuekin eta protokoloekin koordinaturik egongo dira, esaterako Udaltzaingoa. Indarkeria sexisten aurrean artapen telefono zenbakien informazioa da: Emakume Txokoa (943 79 41 39), Udaltzaingoa (943 25 20 10), Gizarte Zerbitzuak (943 25 20 07), Larrialdiak (112) eta telefono bidezko arreta zerbitzua 24 ordu EAEn (900 84 01 11).

Arrasateko Udalak aldarri egiten du indarkeria matxistarik gabeko Santamas jaiaren alde.