Domekan, ekainaren 18an, euriteek kalteak eragin zituzten Amaia antzokian, eta aseguru etxeko perituek kalte horiek aztertu eta kuantifikatuko dituzte
2023/06/22Domeka arratsaldean, Arrasaten izandako euriteen eraginez, Amaia antzokiko egitaraua bertan behera geratu behar izan zen. Pandero jaialdia zen ospatzekoa, baina itoginak atzeman bezain pronto, segurtasun neurriak hartu eta antzokia hustu behar izan zen.
“Zorionez, domekan ez zen kalte pertsonalik izan, baina bai egon dira kalte materialak. Oraindik erabat kuantifikatu barik badaude ere, kalteak nabariak izan dira koadro elektrikoetan, ezker aldean azken urteetan agerikoak izan diren hezetasun arazoak agertu dira, eta uste da eszenatokiko zorua ere kaltetuta dagoela, hezetasunarekin batera”.
Kalteak sasoi honetan gertatu izanak bere alde ona ere izan du, udal ordezkarien arabera; izan ere, uda garaian Amaia antzokiaren egitaraua asko murrizten baita, eta eguraldi onaren eraginez programazio gehiena kalean egin ohi da. “Honek aukera ematen digu kalteak lasai eta zorrotz aztertzen joateko, eta gertatutakoaren azterketa sakona egiteko”.
Aurrera begirako konponketa lanak
Osatu berri den udal gobernuak adierazi du aurrera begira ezinbestekoa izango dela Amaia antzokian hobekuntza obrak egitea. “Orain gertatutakoak urteetan konpondu gabeko arazoak kronifikatu ditu, eta horiei erantzuna eman beharko diegu”.
Horrek, baina, “ez du esan gura Amaia antzokia erabat itxiko denik, uda garaiko impassa aprobetxatuko dugu kalteak ondo aztertu eta konponketak egiteko eta, bide batez, sakoneko arazoak identifikatzeko, eta aurrera begirako esku-hartzea diseinatzen hasiko gara, Arrasatek merezi duen antzoki duina izan dezan”.