Hondarribia kaleko 1-3 udal jabetzako eraikina eskola tailer bihurtuko da bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako

2020/07/17
Card image cap
LAN-r-Bai laguntza programaren barruan kokatzen dira obra hauek. Helburua da eraikin egoki bat bermatzea, ibilbide inklusibo pertsonalizatuak sortzeko, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei egokitutako gizarte-hezkuntza, prestakuntza-fase eta lan-esperientzia praktikoaren bidez.

Arrasateko Udalak Hondarribia kaleko 1-3 udal jabetzako eraikina eskola tailer bihurtuko du bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako sortutako LAN-r-BAI ekimena sendotzeko. Finantzazio europarra jaso duen programa berritzailea da eta Udalak adierazi du “ahalegin berezia egiten ari dela programa egonkortze aldera, baztertutako kolektiboek formakuntza jasoko duten eraikinaren egokitzapena izanik pausu garrantzitsuetako bat”.

Obrak azaroan hastea aurreikusten da eta lau hilabeteko iraupena izango dute. Lizitazioa 110.000 eurotakoa da eta proposamenak irailaren 14a bitarte aurkez daitezke.

 

LAN-r-Bai programa baztertutako kolektiboen formakuntzarako

Programaren xedea da ibilbide inklusibo pertsonalizatuak sortzea, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei egokitutako prestakuntza-enpleguaren bidez, laguntza sozioedukatiboaren bidez, prestakuntza normalizatura edo lan-merkatura iristeko behar diren tresnak, baliabideak eta trebetasunak eskuratu ahal izateko. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egindako lana osatu nahi da programa honekin, eta eskola tailerra eraikitzea programa kontsolidatzeko “pausu garrantzitsua” dela adierazi du Arrasateko Udalak.

LAN-r-Bai programaren hartzaileak gizarte-bazterketako egoeran dauden 30 pertsona heldu dira orain arte. 15 pertsonako bi talde egin dira: 2019an garatu zen programa 1. taldearekin, eta aurtengo ekainean hasi da 2020koa, beste 15 lagunekin.

Programak erabiltzaileei baliabideak eta tresnak transferitu nahi dizkie, gizarteratzeko eta hezkuntzarako laguntzaren eta prestakuntza teoriko-praktikoaren bidez ibilbide bat gara dezaten. Berdinekin, helduekin eta ingurunearekin harremanak izateko baliabideak eta tresnak modu egokian eskura daitezen sustatu nahi da, baita eguneroko bizitzaren antolaketa-egitura egokia ere.

 

Programaren xede-taldea

Ekimenean parte hartzen duten pertsona guztiei, aldez aurretik, Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarteratze sailaren tresna propioen bidez egin zaie bazterketa-egoeraren balorazioa (Gizarte.net tresnak, Gizarte Txostena eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako gizarte-bazterketaren balorazioaren tresna teknikoa).

Programa xede-talde hauetara dago zuzenduta: Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia-harrerako eta egoitza-harrerako baliabideetatik atera diren 18-23 urteko gazteak, bazterkerian dauden helduekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko programatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarteratze Departamentuko Laguntza Espezializatuko Programatik esku hartzen duten helduak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, etorkinak edo gutxiengo etnikoak (bereziki emakumeen kolektiboa) eta bazterkerian dauden pertsonak, desgaitasunaren balorazioa dutenak edo balorazio prozesuan daudenak. Egitasmo honetan parte hartzeko behar-beharrezkoa izango da Arrasaten erroldatua egotea.