Hondakinen kanpainako mural eta lelo lehiaketak baditu irabazleak

2024/06/11
Card image cap
Oñatiko Urgain Herri Eskolako irabazleak
Lehaiketak egiten dira urtero, Debagoieneko Mankomunitateak eta Udalako Ingurumen Eskolak antolatuta, hondakinen arazoen kontzientziaziorako kanpainaren barruan.

Kanpaina honetan parte hartzen dute Debagoieneko lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek eta DBHko 1. mailakoek.

Lehen hezkuntzan gonbita egiten zaie mural lehiaketan parte hartzera, eta han ikasleek irudikatu behar izan dute nolakoa izango den gure herria 50 urte barru, hondakinen gaiari dagokionez.

Aurten, Oñatiko Urgain Herri Eskolako ikasle talde batek irabazi du lehiaketa, eta sari moduan motxila ekologiko bana jaso dute kideek, ingurugiroa ezagutu eta aztertzeko materialarekin. Horretaz gain, gela osoarentzat ere egon da saritxoa, hain zuzen ere, ingurumena lantzeko liburu bilduma bat gelarako.

Bigarren saridunak, berriz, Arrasateko Arizmendi Ikastolako Santa Teresa guneko ikasleak izan dira, eta horiek ere motxila batzuk jaso dituzte sari moduan.

argazkia_Sta Teresa.jpg
Santa Teresa Ikastolako 2. saridunak

DBHko ikasleek lelo lehiaketan parte hartu dute eta gelaka asmatu behar izan dute datorren ikasturterako kanpainaren izenburua. Aurten Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolako gela bat suertatu da irabazle, lelo hau asmatzeagatik: Kontsumoa murriztu eta mundua berpiztu.