Hondakinen inguruko galdetegia web orri honetan martxoaren 22ra arte
2013/02/22Oso garrantzitsua izango da Arrasatear guztiek galdeketa hau erantzutea, modu honetan baloratu ahalko baitu Udalak arrasatear bakoitzak hondakin bilketari buruz zer dakien, zer iruditzen zaion lehentasunezkoa, zerk kezkatzen duen e.a.
Anonimoa eta betetzeko erraza
Galdetegi bat prestatu da guztiz anonimoa izango dena. Betetzeko erraza den arren, erantzuteko hausnarketa txiki bat egitea eskatzen du, ez da arinkeriaz betetzekoa. Horregatik, jendeak nahikoa denbora izan dezan, hilabeteko epea jarri da galdetegia erantzuteko; azken eguna martxoaren 22a izango da.
Galdetegia eskuratzeko hiru modu
Otsailak 19 eta 20 bitartean Arrasateko etxe guztietara banatu da galdetegia. Horrez gain, Udalaren web orri honetan ere jarri da galdetegia betetzeko aukera; hemen klikatuta zuzenean sartuko zarete galdetegian.
Etxean jasotako galdetegiak non entregatu
Udalaren eraikin guztietan postontzi bana jarri da eta haietan bota behar dira erantzundako galdetegiak. Postontzi hauek honako 25 puntuetan aurkitu ahal dituzue:
- BAZen
- Gazte Informazio bulegoan
- Jubilatu etxe guztiak.
- Kiroldegian (musakolan)
- Kulturaten
- Udaletxeko sarreran
- Gaztetxean
- Emakume Txokoan
- Ludoteka guztietan
- Gaztetxoko guztietan
Etxean jasotako galdetegi kopurua nahikoa ez bada, eta Udalaren web orrian betetzeko aukerarik izan ez dutenentzako, postontzi hauen alboan eskuragarri izango dira betetzeko galdetegi gehiago.
Informazio bulegoa asteazkenero zabalik
Udalak hondakinen gaiarekin lotutako edozer zalantza argitzeko informazio puntu bat zabaldu du Gazte Bulegoan. Asteazkenetan egoten da zabalik 18:30etatik 20:00etara eta informatzeko interesa duen edonor etor daiteke, buruan dauzkan galderak egitera edo bere iritzia adieraztera.
Galdetegia erantzuterakoan zalantzak sortuz gero ere, Gazte Bulegora joatea gomendatzen da; duda horiek, askotan, informazio faltak eragindakoak izan baitaitezke eta erantzuna mugatu egin dezakete.
Jasotako kezkei erantzungo zaie
Martxoaren 22a izango da galdetegiak postontzietan entregatu edo Internet bidez erantzuteko azken eguna. Udalak bi asteren buruan prentsa aurrean emango du galdetegietan ateratako emaitzen berri eta arrasatearrengandik jasotako kezkei erantzungo die.