Hizkuntza Eskola Arrasatera ekartzea lortu du Udalak
2018/02/22Orain arte Arrasaten ez da egon Eskola Ofizialik hizkuntzak ikasteko, eta horren ondorioz, arrasatearrak kanpora irten edo eskola partikularretara jo behar izan dute zerbitzu hori jasotzeko.
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailarekin elkartu eta adostu ostean, datorren ikasturteari begira Eibarko Hizkuntza Eskolako gela desplazatuak Arrasatera ekartzea lortu du Arrasateko Udalak, eta zehazki HHEko eraikinean (EPAn) kokatuko ditu. Aipatu behar da 2008az geroztik Goieskolak zer lan egin duen Hizkuntza Eskola Arrasatera ekartzeko. Udalak lan hori txalotu du eta eskerrak eman nahi dizkio Goieskolari.
Modu honetara, irailetik aurrera aukera izango da ingelesa eta alemana Arrasaten bertan ikasteko. “Aurrera pauso honekin Udalaren nahia izan da hizkuntzak ikasteko aukera Arrasate zein inguruko herrietako biztanleei hurbiltzea, eta horretarako ahalik eta erraztasun gehien ematea”, azaldu dute udaletik.
Ildo horretan, gaur goizean bertan izan dira Arrasaten Eusko Jaurlaritzako eta Eibarko Hizkuntza Eskolako ordezkariak, eta alkatearekin batera aipatu instalazioak bisitatu dituzte. Alkateak adierazi duenaren arabera, lehen bi urteetan Helduen Hezkuntzako eraikina izango da Arrasateko Hizkuntza Eskolaren egoitza, eta, etorkizunera begira, aipatu du kokagune gisa Udal Euskaltegiaren instalazioena, Arimazubi plazan; “noski, behin instalazioak konpondu eta bertako erabiltzaileak Kulturola eraikinera aldatu ondoren (erlojuaren eraikina)”.
Amaitzeko, inskripzio epea ekain bukaeran edo uztailean irekiko da, eta bertan zehaztuko da gela eta ikasle kopurua. Gogora ekarri gura dugu matrikulazioaren prezioa dela 72 euro urteko eta familia ugariek deskontuak dituztela.