Hiru emakume artistez osatutako "Bareback" erakusketa aurkeztu dute Kulturaten
2024/11/20Harriak Bira 2024 ekimenaren barruan kokatzen den “Bareback” erakusketa aurkeztu dute gaur Kulturateko Klaustroan. Bertan izan dira Andoni Arratibel eta Eñaut Arriaran zinegotziak, eta hiru artista emakumeak: Arantza Elejabeitia, Xara Aguirre eta Idoia Leache.
Erakusketa azaroaren 22tik abenduaren 21era egongo da Arrasateko Kulturateko Klaustroan, astelehenetik zapatura 17:30etik 20:00etara. Irekiera ekitaldia egubakoitzean izango da, azaroak 22, 18:30ean Kulturateko Klaustroan, eta 19:00etan Arrasateko Jangeue kolektiboaren kontzertua izango da.
Artista berrientzat lekua
HARRIAK arte garaikide programa bat da, 2016tik martxan dagoena, eta eremuak-en eta EAEko hainbat kultur etxeren lankidetzari esker gauzatzen dena. Bertan, gorabidean datozen artista eta bitartekariei egiten zaie leku batez ere.
Harriak BIRA 2024an sortu da programaren bigarren zati modura, kultur etxeei autonomia handiagoa emateko helburuarekin, eta hala udalerri bakoitzean arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzeko. Arrasateko Kulturaten jarri da martxan lehen aldiz, eta "Bareback" da haren barruko lehen erakusketa.
Hiru emakume artisten lanak
Alazne Zubizarreta arrasatearrak egin du erakusketaren bitartekaritza, eta honako artista hauen lanek osatzen dute erakusketa:
- Arantza Elejabeitia Paniego - Ezcaray - 1983
Argazkilari gisa trebatu zen Madrilgo Blank Paper Eskolan, eta han ikasi zuen, bere esanetan, “egunerokotasunari harriduraz begiratzen”.
Gaur egun, hiri-paisaiaren argazkiak ateratzen ditu, nagusi diren kanon estetikoetan eta inposatutako identitateetan sakonduz: leku itsusietako argazkiak, edozein leku izan daitezkeen tokiak.
- Xara Aguirre - Elorrio - 1991
Artean graduatua, UPV/EHUn. Aurten UPV/EHUko Pinturako Unibertsitate Masterra egin du. Arrigorriagan erakutsi berri dute bere lana (Lurrean etzanda). Interesgune ezberdinetatik lan egiten du, bere lana marrazkian eta objektuetan zentratuz. Bere lana paisaiatik abiatzen diren materialen arteko tolesturetan oinarritzen da.
- Idoia Leache - Burlata - 1999
Arte Ederretan Graduatua eta Ikerketa eta Sorkuntza Artean Masterra, biak UPV/EHUn. Bere praktika eskulturaren eremuan garatzen da, eskulturak gorputzarekiko duen elkargunean eta performatiboan bat eginez. Gorputzaren eta eskulturaren arteko harremanari eta elkarrizketari erreparatzen saiatzen da, eta muturrera eramaten, inork gehiago jasan ezin duen arte. Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, hala nola Nafarroako Arte Jovenen Topaketetan (Huarte Zentroa 2022), Panorama # 7 (Fran Reus Galeria 2023) eta Elkartze Lurraldeetan (GetxoArte 2024). Banaka, Materia isurtzea eta alboetara zabaltzea (Oteiza Museoa 2024) izeneko ekintza bat egin du.