Herriko ekosistemetako bizitza aztergai
2024/12/19Dagoeneko amaitu ditugu ikasturte honetako lehen hiruhileko lanak eta gure herriko ekosistemen egoeraren argazkia nahiko aurreratuta utzi dugu. Ikasturte honetan lantzen dihardugu garapen iraunkorreko 15.helburua, Eskolako 2030 Agendaren baitan, hau da, lehorreko ekosistemen bizitza babestea, leheneratzea eta modu jasangarrian erabili dadin bilatzen duena.
Horren harira, aurten, gure basoen egoera nolakoa den aztertzen ari gara. Horretarako, ezagutzera eman ditugu nolakoak diren gure basoak (artadi, harizti eta haltzadiak), non dauden kokatuak, zer ematen diguten herritarrei, zeintzuk diren dauzkaten arazoak, nor bizi den bertan, zeintzuk diren galtzeko arriskuan daudenak, zer diren espezie exotiko inbaditzaileak eta nola kontrolatu ditzakegun, etab.
Horretarako, Udalatxeko artadiaren barrena, bere kontserbazio egoera ikertu dugu eta herrian berreskuratu diren ekosistemak ezagutu ditugu, (Antoniña, San Balerio, Etxezarreta). Errekan ere izan gara, egoera onaren adierazle diren espezieen bila (martin arrantzalea, ur-zozoa, amuarraina…) eta jasan dituzten eraldaketak ikusten (kanalizazioak, estaltzeak, presak, etab). Amaitzeko, Monterroneko basoan ere aritu gara, hariztiko espezie esanguratsuenak ezagutzen eta galzorian dauden espezieei (arkanbelea, baso saguzarra, baso-igel gorria) laguntzeko egin ditzakegun ekintzak proposatzen.
Mota honetako diagnostiko ekintzak garatzen jarraituko dugu ikasturte honetan eta lortuko dugu gai honekin lotutako arazo ekosozialari aurre egiteko ideiak batzea, proposamen eta konpromiso konkretuekin.
Lan guzti hau oso baliagarria izango da datorren ikasturteko Esku Hartze Plana diseinatzeko. Beraz, eskerrik asko, Udalako Ingurumen Eskolaren partez, honetan lagundu duzuen ikasle guztiei. Gozatu oporrak!