Herri-bus linea berriak diseinatzeko herritarren iritzia ezagutu gura du Udalak
2025/04/07
2026ko uztailean amaituko da Herri-busaren esleipena AVANZArekin. Hori jakitun, Udal Gobernuak, linea berriak diseinatzeko lanari ekin dio. Dagoeneko hasi dira estudio teknikoa egiten, eta gaur abiarazi dute herritar eta erabiltzaileen beharrak ezagutzeko galdetegia.
“2000 urtean sartu zen indarrean Herri-bus zerbitzua, eta ordutik, aldaketa txikiak izan baditu ere, bere horretan mantendu dira bi linea nagusiak. Gaur gaurkoz, besteak beste, aldagai garrantzitsu bat sartu da indarrean Arrasaten, Zalduspeko autobus geltoki berria, eta konexioak berrikusteko ordua dela uste dugu” adierazi du Kepa Urteagak, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. Herritarren behar eta iritziak ezagutzeko, galdeketa bat abiarazi dute Udaletik.
Online eta aurrez aurreko galdetegiak maiatzaren 4ra arte
Galdetegia gaurtik hasi eta maiatzaren 4a bitarte erantzun ahal izango da. Bi aukera izango dira galdetegia erantzuteko, lehena online, esteka honetan aurkitzen diren galderei erantzunez. Bestea aurrez aurreko galdetegia betez. Aurrez aurreko galdetegiak honako gune hauetan egongo dira:
- BAZen
- Kulturaten
- Musakolako Kiroldegian
- Juan Arzamendi Musika Etxean
- Jubilatuen Etxeetan:
- Toki Argi (Santa Marina)
- San Isidro (Musakola)
- Etxaluze (San Andres)
- Erguin
Herri Bus zerbitzua modernizatzeko beharra
Urteaga zinegotziak zerbitzua “modernizatu eta eguneratzeko beharra” azpimarratu du. “Herritarren beharrei erantzuten dien Herri-bus linea berriak izateak, erabilgarri izango den zerbitzua izatea bideratuko du, egungo Arrasateko beharrei erantzunez”. Izan ere, jarraitu du, “herria asko aldatu da azken 25 urteetan. Esate baterako, 2000 urtean ez zegoen igogailurik, eta gaur egun hainbat auzotan igogailuak ditugu. Horrek herriko mugikortasunean eragin handia du. Beraz, beharrak nabarmen aldatu dira, eta irisgarritasunaz gain, konexio berri eta azkarrak egiteko premia dugu gaur egun”.
Linea berriak 2 baino gehiago izan daitezke
Linea berriak definitzeko lanak Igartek Consulting enpresak egingo ditu. Hauen ardura izango da egoeraren analisia egin eta proposamen berria egitea. “Gaur egun ezagutzen ditugun lineak erabat aldatu daitezke, eta herri guztia zeharkatzen dituzten 2 linea egotetik, gune ezberdinak konektatzen dituzten linea gehiago egotera igaro gaitezke” azaldu du Urteagak. Dena den, linea berrien diseinuak hainbat aldagai barnebildu beharko ditu, horien artean daude:
- Arrasateko auzoak erreferentzia nagusi izango diren autobus-lineen trazadura berria diseinatzea
- Trazadura horretan, auzoak Zalduspeko autobus-geltokiarekin lotzea.
- Egungo erabiltzaileen eta erabiltzaile potentzialen iritzi eta eskaerak kontutan izatea.
- Zerbitzuaren maiztasuna definitzea.
- Ibilgailu-kopurua definitzea, eta lineen ibilbideetarako ibilgailu mota egokiena definitzea: tamaina, propultsio-energia, elektrikoak izateko aukera...
- Garrantzitsuak izan daitezkeen beste gai batzuk, herritarren edo teknikarien proposamenak jasoz.
Orain abiatzen den lan tekniko honekin, Udalak aurreikusten du 2026ko uztailerako “etxeko lanak eginda” heltzea, eta zerbitzuaren esleipen berria eguneratutako linea berriekin egitea. “Planifikazio eta aurreikuspen handiarekin martxan jartzen dugun lana da hau, kontratua amaitzen denean, zerbitzu berria ahal bezain laster martxan jartzeko. Beraz, herritar eta erabiltzaile guztiak animatu nahi ditugu galdetegian parte hartzera” amaitu du Urteagak.