Haurdun direnen emakumeentzat Matrogyma probatzeko aukera
2014/11/25Eguneroko bizimoduan aktibo mantentzea da gakoetako bat egungo gizarte honetan hain hedatua dugun sedentarismotik aldentzeko. Eta aktibo mantentze horretan, eragin nabarmena du jarraikortasunez jarduera fisiko osasungarria egiteak.
Jakina da, jarduera fisikoa erregulartasunez egitea garrantzizkoa dela osasun onari eutsi eta sasoian egoteko. Haurdun dauden emakumeentzat ere (aurreiritziak aurreiritzi) mesedegarria da oso ariketa fisikoa egitea, jarduera beraien egoerara egokitutakoa izanik.
Hainbat onura
Emakumeentzat, haurdunaldia bizitzako etapa berezia izaten da, gorputzak aldaketa ugari jasaten dituelako. Eta jarduera fisiko egokia egiteak, hainbat onura ekartzen dizkio haurdun dagoen emakumeari, besteak beste:
- Gehiegizko pisua izatea saihesten da.
- Likidoen erretentzio arriskua gutxitzen da.
- Bizkarreko minak izateko aukerak gutxitzen dira.
- Erditze unerako gorputzaren egoera hobetzen da.
- Dilatazio aldia motzagoa izaten da.
- Bultza eta laguntzeko prestatuago egoten da.
- Ondorengo errekuperazio aldia nabarmen arinagoa izaten da.
Esperientzia berezia eta atsegina
AUKEAk, hardun direnengan pentsatuz, MATROGYMa praktikatzeko aukera eskaintzen du bere zerbitzuen baitan. Debagoienean aukera hau eskaintzen duen kirol zerbitzu bakarra da Arrasatekoa, eta bertatik bertara probatu ahal dezaten, datorren asterako proposamen berezi bat luzatu gura diegu eskualdean haurdun diren emakume guztiei: Hurrengo asteko astelehenean eta asteazkenean, Abenduak 1 eta 3an, arratsaldeko 15:30etan, haurdun dauden emakumeentzat jarduera ludiko eta osasungarria antolatu dugu Musakolako Igerilekuan.
Zalantza barik, zure haurdunaldia are espezialagoa bihurtuko duen bizipena izango da Matrogyma. Atsegina, berezia eta onuragarria. Probatzeko modukoa.