Haur, gazte eta nerabeen ongizate emozionalean “jauzi kualitatibo bat” eman gura du Arrasateko Udalak, horretarako martxan jarritako planarekin
2025/02/27
Arrasateko udal gobernuak kezka azaldu du herriko haurren eta nerabeen ongizate emozionala baldintzatzen duten arrazoien inguruan. Izan ere, “udal gobernuaren ustea da herriko 6 eta 18 urte bitarteko biztanleen egoera bereziki zaurgarria dela egun. Udalak herritar horiei laguntzeko bere ekarpena egiteko borondatea du, eta, horretarako, Elhuyarrekin lankidetza bideratu du” adierazi du Jasone Giraldo ongizate zinegotziak.
Diagnostikoaren fasea 2024ko azaroan abiatu zen, datu bilketa eta elkarrizketa ezberdinekin. Lanketa horren emaitza da gaur aurkeztu dituzten diagnosiaren ondorioak, eta datozen asteetarako iragarri dituzten “komunitate hausnarguneak”.
Diagnosia: “tentuz eta arduraz” egindako ariketa
Elhuyarreko teknikaria den Taxio Arrizabalagak eman ditu ikerketa prozesuaren xehetasunak. “2024ko azaroan abitu genuen diagnosia egiteko datu bilketa. Hilabete hauetan datu kuantitatibo eta kualitatiboak bildu ditugu, Arrasateko haur, gazte eta nerabeen osasun mentalaren argazki ahalik eta errealena izateko”.
Datu kuantitatiboak erakunde nagusienetatik jaso dira:
- Arrasateko haur eta nerabeen datu demografiko orokorrak, udal erroldako datuak oinarri izanda: biztanle kopuruak, adina, jaioterria, bizilekua....
- Osakidetzak emandako datuak: datu orokorrak, honelako patologiarenbat izan duten kasuen zenbatekoa, zein psikofarmakoen preskripzioa eta bilakaera.
- Arrasateko udalaren adikzioen prebentziorako programak emandako datuak, haur eta nerabeen kontsumo-ohituren, kontsumitutako sustantzien eta adikzioa sor dezaketen praktiken inguruan.
Datu kualitatiboak elkarrizketa edo galdetegi bidez eskuratu dira:
- Ikastetxeetako gazteei zabaldu zaien galdetegi anonimo bitartez.
- Haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalei elkarrizketak eginez: udaleko zerbitzu eta programa ezberdinetako hezitzaileak, ikastetxeetako orientatzaileak, Osakidetzako profesionalak eta herriko eragile sozialetako ordezkariak.
- Herriko psikologoek erantzundako galdetegi bitartez.
Ondorioak: ongizate emozionala azaleratuz
Haur, gazte eta nerabeen ongizate emozionalean aldagai ezberdinek eragiten dutela ondorioztatu dute diagnosi honetan. Arrizabalagak azaldu du “hiru sailkapen nagusitan” banatu dituztela diagnosiaren ondorioak:
- Testuinguru globalaren eta errealitate partikularren eragina: “haur eta nerabeek pairatzen dituzten ondoezak testuinguru konplexu eta globalean kokatzen dira, gizarte osoarengan eragina duten problematikek berengan ere eragina dutelako, modu espezifikoan bada ere. Horrez gain, gizarte osoari eragiten dioten zapalkuntza egoerak haur eta nerabeengan ere erreproduzitzen dira eta horietariko zenbait egoera bereziki zaurgarrian kokatzen ditu, besteak beste: migrazio arrazoien ondoriozko zapalkuntzak, emakume eta genero disidentziak, maila sozioekonomikoak, itxura fisiko ez normatiboak edota familia desegituratuen kasuan.
- Arrasateko haur eta nerabeen ondoezak hiru zutabe nagusitan banatzen dira
- Teknologia berrien (pantailen) eta sare sozialen erabilerak; eta harreman ez-osasuntsuek (lagun artean, familian, ikastetxean…ematen direnak) kudeaketa emozional osasuntsu bat egiteko ezintasunak eragiten dituzte.
- Bestetik, adikzioak eragin dezaketen praktiken eta substantzien kontsumoa orokortzeak ere badakar ondoez emozionalen areagotzea. Horien eragile izan daitezke aisialdiko eskaintza interesgarri falta, oso gaztetatik diru kopuru handiak maneiatzea edota gizarte mailako sozializazio ohitura orokortuek, alkohol eta substantzien kontsumoa oso normalizatuta dugun honetan, berengan duen intzidentzia. Horren guztiaren eraginez, orokortzen ari dira bideojokoak edota online erosketak, edota edari energetiko, alkohola, baperra/tabakoa, marihuana eta psikofarmakoen kontsumoa.
- Herriko haur eta nerabe kopuruak azken 10 urteotan behera egin badu ere, osasun mentalaren eremuko gaixotasun edo patologien diagnostiko kopuruak etengabe gora egin du, ia bikoizteraino; eta, horri lotuta, baita patologia horiei erantzuteko baliatzen diren botiken kontsumoak ere.
- Arrasateren erantzuteko gaitasunari dagokionez, haur eta nerabeek pairatzen dituzten ondoez horiei erantzuteko ekosistema sendoa du Arrasatek, baina badaude hobetzeko eta indartzeko beharra duten alderdiak (baliabide saturatuak, baliabide publiko ez nahikoak, osasun mentalean alor publikoan baliabide eza…).
Herritarrekin partekatu eta hausnartuko dute hilaren 11 eta 25ean
Komunitatearen hausnargunea egin gura dute orain diagnosiaren esku hartze ildoa garatzeko. Herritar, guraso eta profesionalekin batera, ekintza plan bat garatuko dute. Hitzordu horiek Kulturateko Areto Nagusian izango dira, martxoaren 11an eta 25ean 15.00etatik 17.00etara.
Behin martxoan esku hartze ildoa diseinatuta, apiriletik aurrera ekintza plana gauzatzen hastea izango da Udalaren ardura nagusiena, horretarako baliabide humano eta ekonomikoak bideratuz. “Ongizate emozionala lehentasun bezala ezarri genuen udal gobernuan, eta ekintza plana betetzeko konpromiso osoa dugu” adierazi du Giraldok.