Hasi dira Gipuzkoa etorbideko espaloia berritzeko lanak
2019/09/24Arrasaten oinezkoak lehenetsi eta hauentzat eremu eroso, irisgarri eta atseginagoak eraikitze aldera, Gipuzkoa etorbideko espaloiak berritzeko lanak jarri ditu martxan Udalak.
Izan ere, aipatu etorbideko zorua zaharkitua dago eta ondorioz, lurra ez dago egoera onean. Horren jakitun izanik eta Mugikortasun Plan Integral Jasangarrian jasotakoari jarraiki, Arrasateko Udalak beharrezkotzat jo du aipatu etorbideko espaloiak berritzea, helburu nagusia oinezkoentzako eremua erosoagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa egitea izanik.
Horiek horrela, datozen hilabeteetan, aipatu etorbideko atari bakoitien espaloiari dagokion zatia egokituko da, 9 zenbakitik 25era bitarteko zatia, alegia. Berritze lanen bitartez, zoladura guztia berritu eta espaloiaren maldak egokituko dira, esan bezala, eremua irisgariagoa eta oinezkoentzako erosoagoa izan dadin. Horrez gain, etorbidetik pasatzen diren ibilgailuen abidura murriztu eta oinezkoen segurtasuna bermatzen jarraitze aldera, zebrabideak altxa egingo dira.
Berritze lanak bi fasetan burutuko dira, 15-25 atarien bitarteko zatia lehenbizi eta 9-15 atarien bitartekoa ondoren. Helburua da lanak irauten duten bitartean bertako bizilagunen egunerokotasuna ahalik eta gutxien oztopatzea.
Guztira 7 hilabete inguru beharko ditu Udalak berritze lanak aurrera eramateko. Behin horiek amaituta, 25. ataritik kiroldegiraino doan espaloi zatia egokitzea ere aurreikusi du Udalak, baita, lan horien baitan, autobus geltokiaren ordenazioa aztertzeko aukera zabaltzea ere.
Construcciones Artzamendi S.A. enpresa izango da berritze lanen arduraduna eta guztira 153.845,87€ko aurrekontua izango dute (BEZ barne).
Trafiko eta zirkulazio aldaketak
Esan bezala, bertako bizilagunei ahalik eta gutxien oztopatze aldera, berritze lanak faseka egingo dira horrenbestez, espaloia zatika itxiko da: 15-25 zatia lehenbizi eta 9-15 zatia ondoren.
Zebrabideetan egingo diren aldaketei dagokienez, Gipuzkoa etorbidean bi daude, horrenbestez, momentuoro zebrabide bat erabilgarri mantenduko da.
Trafikoa aldiz aldaketarik gabe mantenduko da aipatu etorbidean eta momentu puntualetan soilik jarriko da txandakako zirkulazioa.
Elkano kaleko ibilgailuen trafikoari dagokionez, Gipuzkoa etorbideko 19-21 atarien bitarteko zatia itxita dagoen bitartean, ibilgailuak Antso Abarkatik pasa beharko dute.
Amaitzeko, aipatutakoez gain beste edozein aldaketa egonez gero, aldez aurretik jakinaraziko dutela adierazi dute Udaletik.