Hasi da Eskolako Agenda 2030 proiektua Arrasaten, “egoera berritik iraunkortasunerantz”

2020/10/28
Card image cap
Eskolako Agenda 21 proiektua 17 urtean landu eta gero, ikasturte honetan proiektu berri bati ekingo diogu. Proiektu berria da Eskolako Agenda 2030, garapen jasangarria ardatz izango duena. Ikasturte honetarako, Arrasateko ikastetxeek gai hau aukeratu dute: “egoera berritik jasangarritasunerantz”.

Egoera berri batean gaude, eta abiapuntu moduan horixe erabiliko dugu gizarte eredu jasangarriago bat eraikitzeko, natura hobeto zainduko duen gizartea, gutxiago kutsatuko duena edo natura baliabideak zentzuz erabiliko dituena, esaterako. Beraz, horixe izango da aurtengo proiektuaren ardatza. 

Hilabete honetan hasi gara herriko ikasleekin lanean. Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleekin, berreskuratu dugu plastikoen gaia, iaz landu barik utzitakoa, eta aztertzen ari gara herriko plazetan, parkeetan eta abarretan ea plastikozko hondakinik dagoen lurrean botata, itsasora zelan iritsi daitezkeen eta zer egin dezakegun arazo horri aurre egiteko. Gainera, aukera izan dugu kale garbitzaileekin solasalditxo bat egiteko.

Nagusiagoekin, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin hainbat mendi ibilaldi egiten ari gara Arrasateko ondare naturala ezagutzeko eta duen balioaz jabetzeko. Esate baterako, Meatzerreka auzoan bisitatu ditugu San Balerio berdegunea eta Urzulo iturburua, eta Musakola auzoan Antoniña istinga eta Hidalgobaso. Herritik hurbil dauden inguru naturalak dira, eta ikasleekin aztertzen ari gara herritarron ongizateari zelan eragiten dioten.