Hasi da atzera kontaketa: 2024ko San Juan jaiek badute kartel irabazlea

2024/05/23
Card image cap
Lehiaketa Eider Abarrategi Garay arrasatearrak irabazi du, “Sustraiak errotuz, San Juanak bultzatuz” lanarekin.

San Juan jaietarako hilabete falta den honetan, dagoeneko badago jaiak iragartzeko irudia. Asmo horretarako egindako kartel lehiaketan Eider Abarrategi Garay arrasatearra izan da irabazlea aurten, “Sustraiak errotuz, San Juanak bultzatuz” lanarekin.

Elementu anitzeko kartela

Eider Abarrategi Garayk San Juan jaien bueltan diharduten elementuak txertatu ditu kartelean. “Kultura taldeen elementuak erabili ditut; erraldoiak eta kilikiak, gaiteroak, txistulariak, zezenak, dragoia, gazteak, dantzariak, makala... jaien parte direlako” adierazi du artistak. Figura edo elementu horiek ematen diete San Juanei bizitasun eta kolore puntu hori”.

Artista arrasatearrak adierazi du elementuek eta figurek belaunaldiei egiten diela errreferentzia eta bizipen pertsonalean oinarrituta daudela: “Txikitatik ibili naiz San Juanetan murgilduta, Arrasate Musikalen, Txikitxu Arrostaitz dantza taldean, eta familian ere badauzkat kide batzuk beste kultura arlo batzuetan aritzen direnak. Adinez aurrera egin ahala, San Juanetako etapa guztiak pasatu ditut; txikitan, erraldoiak eta kilikiak ikusten, gero, makala igotzen, gaur egun, Errementari dantzan parte hartzen… Hortaz, esan dezakete, kartela egiteko, nire esperientzian oinarritu naizela”. 

Arrasateko Udalak alternatibak jarriko ditu barraken hutsunea betetzeko

Aurten ez da barrakarik etorriko Arrasatera Sanjuanetan, ez baita inor aurkeztu. “San Juanetan jende gutxiago ibiltzen da barraken gunean, eta horrek bideragarritasun ekonomikoa ezbaian jartzen die barrakeroei. Hala adierazi digute haiekin hitz egin dugunean” adierazi dute udal ordezkariek. Halaber, adierazi dute berria ez den arazo baten aurrean gaudela: “Azken urteotan, udalak barrakarien kexak jaso ditu, ohartaraziz San Juanetan ez zela ekonomikoki bideragarria barrakak jartzea; aurten ez etortzea erabaki duten arte. Horrek hausnarketa batera eroan behar gaitu, eta jai hauek igarota, baldintzak berrikusteko prozesua abiaraziko dugu, datorren urtean barrakak egoteko ahalegin guztiak egiteko”.

Bitartean, aurten, hutsune horri aurre egiteko, “haurrentzako jolasen errefortzua aurreikusi dugu egitarauan, eta aurrekontuan partida berri bat gehitu dugu. Modu horretan, San Juan jaiak iraun bitartean haurrentzako entretenimendu eta jolasa bermatuko dugu” adierazi dute udal ordezkariek. 

Egitarau osoa ekain hasieran

Dagoeneko egitarauaren azken ukituak egiten ari dira udal teknikariak eta politikariak, eta azaldu dute beren asmoa dela ekaineko lehen astean iragartzea. “Egitarauan ohiko programazioak egongo dira, Errementari dantza, erraldoi eta kilikiak, gazte programazioa, kontzertuak… baina berritasunak ere izango dira. Horien guztien berri ekainean emango dugu”.