‘Barbara’ denboraleak hainbat ezbehar eragin ditu Arrasaten
2020/10/21Bart haizeak gogor jo du Arrasaten. Alerta laranja ezarria zegoen goizeko 06:00ak bitarte haizeteengatik, eta gaur, urriak 21, alerta horian dago Gipuzkoa osoa. ‘Barbara’ denboraleak ondorio ugari utzi ditu Arrasaten, eta horren ondorioz, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek irteera ugari egin behar izan dute seinaleak eta zuhaitzak jausi direlako, bus geltokietan eta edukiontzietan kalteak izan direlako, eta beste ezbehar batzuk ere gertatu direlako.
Musakolako kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira gaur, urriak 21, igerilekuko beiratean haizeak eragindako kalteen ondorioz. Une honetan udala aztertzen ari da bertako segurtasun egoera, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta ahalik eta lasterren zabaltzeko baldintza egokiekin.
Ezbehar gehienak gertatu dira zuhaitzak, trafiko seinaleak eta edukiontziak jausi izanaren ondorioz. Udaltzaingoak eta lorezaintzako langileek lehen ordutik eroritako zuhaitzak kentzen dihardute. Bestetik, udaltzainak trafiko seinale kaltetuen zerrenda egiten ari dira, ahalik eta lasterren berrezartzeko.
Horrez gain, haizeak edukiontzi ugari mugitu edo irauli du. Horiek lehengoratzen dihardu udalak Debagoienako Mankomunitatearekin elkarlanean.
Telefoniaren zutoin ugari ere bota du haizeak, eta autobus markesina ugaritan ere kalteak egon dira, esaterako Santa Teresakoan.