Hainbat ekintza antolatu dira urriaren 24ko Bibliotekaren egunaren baitan
2022/10/06Urtero, urriaren 24ean ospatzen da Nazioarteko Liburutegien Eguna, eta helburua irakurzaletasuna bultzatzea da alde batetik, eta bestetik, herritarrek liburutegia hobeto ezagutzea. Hori dela eta, Arrasateko Bibliotekak egitarau berezia antolatu du egun hau ospatzeko, eta adin esparru desberdinak hartu dira kontutan. Ekimen hau 1997an sortu zen, Sarajevoko Liburutegiaren suntsiketa gogorarazteko eta batez ere bi helburu ditu: gizartea irakurketaren garrantziaz kontzientziatzea eta bibliotekarien lana eskertzea eta indartzea.
Urriaren 20an Ixabel Agirresarobek ‘Gau beltza’ ipuinaren kontaketa egingo du 6 urtetik gorako umeentzat. Santa Marinan izango da eta 18:00etan hasiko da. Ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.
Hilaren 21rako ere ipuin kontaketa bat antolatu da, baina kasu honetan musikatua. Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado ‘Ezberdin bezain eder’ ipuinarekin izango dira Kulturaten, eta 18:00etan hasiko da. 4 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta, eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.
Urriaren 28an, aldiz, Alex Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak ‘Txori kantazale: Xabier Leteren ildoan’ errezitaldia pianoarekin eskainiko dute Kulturaten 19:00etatik aurrera. Helduentzat antolatutako ekintza da hau.
Bigarren eskuko liburu azoka solidarioa ere antolatu da hainbat egunetarako. Urriaren 24tik 28ra 17:00etatik 20:00etara bitartean irekiko ditu ateak, eta urriaren 29an 11:00etatik 13:00etara. Kulturaten izango da egun guztietan Amerika Elkarteak antolatutako azoka solidarioa.