Gaur, otsailak 22, partaidetzazko prozesua abiatuko da Gudarien plazaren berrurbanizazio proiektuaren oinarriak auzotarrekin adosteko.
2024/02/22Urrian abiarazi zen San Andres auzoko Gudarien plazaren berrurbanizazioari buruzko partaidetzazko prozesua. Lehen lan saioa urrian egin zen, eta bigarrena azaroan. Lehen elkarrizketen eta tailerren ostean, orain, udalak galdetegi bat prestatu du proiektuaren inguruan.
“Gudarien plaza berrurbanizatzeko proiektuaren oinarriak auzotarrekin adosteko galdetegia da”, azaldu du Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasuneko zinegotziak. “Galdetegian bizilagunei eskatuko zaie plazaren erabileraren inguruko nahi eta beharrak identifikatzeko. Bi bloke nagusitan banatuko dira galderak, alde batetik, lehenesten diren erabilera xehetasunen ingurukoak, eta bestetik, hiru plaza ereduren artean aukeratzea, etorkizuneko plazaren abiapuntu eta oinarri bezala”.
Jakitea bizilagunek zer behar duten eta zer gura duten
Lehen bloke nagusiaren helburua izango da erabilera eta definizio irizpideak ezagutzea, bizilagunek zer behar duten eta zer gura duten jakiteko. Galdetegiaren lehen zatian, hiru aldagaien inguruan galderak egingo zaizkie bizilagunei: gaur egungo erabileraren eta elementuen inguruan (aparkalekuak, ataripea, eta jaietako karpa edo eszenatokia), plazaren naturalizazio mailaren ingurukoak (natura txertatzearen inguruan, zuhaitzen presentzia eta zer tamainakoak, edo zorua eta landaretza motak) eta, azkenik, etorkizuneko erabilerari buruzkoak (jolas eta jarduera fisikoa definitzeko, edo atseden eta topaketa maila).
Galdeketa 3 interbentzio aukeren gainean
Galdetegiaren bigarren zatian, auzotarrek, plaza ereduen arteko aukeraketa egin beharko dute, plazan egingo den interbentzioaren abiapuntu izateko. “Espazioaren erabilera eta okupazioaren definizioa garrantzitsua izango da abiapuntu bezala definitzeko”.
Hiru interbentzio eredu jasotzen dira, eta horiek dira proiektua baldintzatzen duten ereduak. “Bizilagunek lehenetsi beharko dute zer plaza eredu gura duten: aparkaleku gisakoa, plaza gisakoa berdegune batzuekin, edo parke itxura izan beharko duen. Hiru aukerak infografia batekin lagunduta datoz, ereduaren gerturatze bat izateko. Dena den, infografia horiek simulazio bat besterik ez dira, proiektua idazterakoan definituko baita plazaren izaera, aurrez auzotarrek lehenetsitako xehetasunekin” Etxeberriaren esanetan.
Parte hartzea martxoaren 7ra arte
Galdetegia online erantzun daiteke arrasate.eus atarian. Halaber, Gudarien plazako bizilagunek galdetegi fisikoa ere jasoko dute etxeetako buzoietan, eskuz bete eta plazako Farmazian (Araba etorbidea 14) jarritako postontzian entregatu ahal izateko.
Galdetegiak bete eta entregatzeko epea otsailaren 22tik martxoaren 7ra egongo da irekita. Udalak aurreikusten du, jasoko diren erantzunak aztertu ondoren, beste saio presentzial bat egitea, galdetegiaren ondorioak bizilagunei azaltzeko.