Gipuzkoan Gazte Tour Arrasaten izango da irailaren 30ean, gazteei zuzenduriko kontzertu batekin
2023/09/22Datorren irailaren 30ean, Gipuzkoan Gazte Tour ekimena Arrasatera helduko da, 3 artista zein talde biltzen dituen kontzertu batekin.
Gipuzkoan Gazte Tour programak hainbat jarduera biltzen du musikaren eta arte eszenikoen inguruan, eta Gipuzkoako gazteei zein nerabeei zuzendua dago. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak garatu du, lurraldeko beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan, horien artean Arrasateko Udala.
Mikel San Miguel zinegotziaren hitzetan, ‘gazteen beharrez berba egiten dugunean, kultura eta aisialdi aktiboa sustatzearena ere badago. Eta Gipuzkoan Gazte Tour programa oinarritzen da horrexetan, izan ere, kulturak, bestelako politikek bezala, bestelako gai eta lan esparruak jorratzen ditu zehar lerroan'.
Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexko Arrasaten
Hori horrela, irailaren 30ean doako kontzertu bat eskainiko da Arrasaten: Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexko izango dira hiru artista zein talde gonbidatuak, eta kontzertua 19:30etik aurrera izango da, Monterron parkean.
‘Ekimen honekin, musika eta arte eszenikoak Arrasateko gazte eta nerabeei gerturatzea nahi dugu, eta gazteak ikuskizunen parte aktibo izatea. Horregatik, hain zuzen, Monterron parkea aukeratu da, gazteek bere sentitzen duten espazioa baita, espazio zabala eta naturaz inguratua’ gehitu du udal ordezkariak.
Eguraldi txarra eginez gero, Mirua eta Nhil taldeen kontzertua Musika Etxeko Auditoriumera lekualdatuko da, eta DJ Kiliki Frexko Biteri plazara.
Hemen informazio gehigarria Arrasaten izango diren taldeen eta artisten inguruan:
Nhil
Nhil Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 2017an. Taldea, adiskidetasunean oinarritua, gurata hasi zen abestiak sortzen, baina, aldi berean, gura barik. Horrela lotu ziren hasiera batean, Asel Errasti bateria, Xabi Zuazabeitia baxua, Beñat Arrieta gitarra, eta Sara Alonso pianoa eta ahotsa. Azkenik, haizearen sekzioa batu zen, Aitor Ruiz de Austri tronboiarekin eta Lia Garai saxofoiarekin.
Mirua
Mirua Gipuzkoako talde gaztea Harrobia Sariaren irabazlea izan zen 2021ean, Gaztea euskal irratiaren maketa lehiaketan, eta Oso Polita zigiluko fitxaketa berrietako bat da. Maite Iruiñek osatu zuen 2019an Malentxo eta Mattin Zeberio neba-arrebekin batera, eta haien musika estilo bereziak melodiak eta pop klasikoko instrumentuak nahasten ditu musika elektronikarekin eta indie esperimentalagoarekin.
DJ Kiliki Frexko
Beñat Rodrigo edo Kiliki Frexko abeslaria, DJ-a eta Chill Mafia taldeko liderra. Euskal Herrian azken hamarkadan sortutako artistetako bat da. Chill Mafia taldeko kidea da; Chill Mafia da Iruñeko koadrila bat, zeinak batzen dituen ekoizleak, abeslariak, DJak, MCak, diseinatzaileak eta graffiitien egileak. Euskaldunen panorama hankaz gora jarri du. Iruñeko kolektibo bat, ahots, ekoizle, DJ, diseinatzaile eta graffitti-egileek osatua. Iruñeko koadrila rave eta sound system-etan egin zen ezagun, eta beren soinua sortzen hasi ziren, estatuko eszenako talderik lotsagabeentako bat izan arte.