Gipuzkoako ludotekak eta gaztetxokoak
2018/06/08Bideoa egin du Foru Aldundiak, Gipuzkoako Haurtxoko eta Gaztelekuen Sarea aurkezteko, eta bertan parte hartu dute Usaetxeko ludotekak eta Gazteguneak.
Gipuzkoako Haurtxokoen eta Gaztelekuen helburua da, kalitatezko aisialdi eskaintza baten bitartez, haurrek eta nerabeek gizartean dagokien lekua bermatzearen alde lan egitea.
Gipuzkoako 47 udalerritan banatuta, 100 gune daude guztira, eta bertan 230 hezitzailek dihardute lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an jarri zuen martxan Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea indartzeko lehen kanpaina, Haur eta Nerabeen Nazioarteko egunarekin bat eginez. Ordutik bi urte igaro dira eta, marka berri bat sortzeaz gain, ekimen desberdinak burutu ditu, udalekin batera, haurtxokoak eta gaztelekuak gizarteratu, indartu eta zabaltzeko asmoz.
Bideoa Gipuzkoako herri desberdinetan grabatu da, aniztasuna eta errealitate desberdinak islatu ahal izateko. “Segurtasun-txoko bat, gizarte hobea eraikitzeko aukera ematen duena, deskonektatzeko eta lagunekin egoteko gunea, euren herritartasuna aldarrikatzeko lekua, bide-laguntza, maitasuna, errespetua, aniztasuna, pertsonak hezten dituen espazioa, haur eta nerabeak libre sentitzeko lekua…”.
Horrela deskribatzen dituzte elkarrizketetan parte hartu duten pertsonek haurtxokoak eta gaztelekuak. “Zerbitzua ikuspegi desberdinetatik ezagutzea oso aberasgarria izan da; eta kalitatezko aisialdiaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu”.