Gesalibar auzoko haur parkean auzotarrek aukeratutako jolasak ezartzeari ekingo dio Udalak

2020/04/29
Card image cap
Sumalin, SL enpresak aurkeztutako proiektua aukeratu zuten herritarrek. Prezioa 31.944 eurokoa da, BEZ barne. Guztira 5 jolas-estruktura ezarriko dira.

2019an Udalak burututako parte-hartze prozesuan “Goazen soka parkera!” eredua izan zen Gesalibar auzoko haur parkea berritzeko arrasatearrek aukeratutako diseinua.

Astearte honetan, apirilak 28, hasiko dira jolasak jartzen. Behin jolasak jarrita, gomazko lurra ezarriko da. Aurreikusten da 20 eguneko epean burutzea lanak. Sumalin, SL enpresak aurkeztutako proiektua aukeratu zuten herritarrek. Prezioa 31.944 eurokoa da, BEZ barne. Guztira 5 jolas-estruktura ezarriko dira.

Jolas parkea behin amaituta, Alarma Egoerak aukera ematen duen unean zabalduko da, segurtasun neurri oro betez.

Herritarrek aukeratua

Arrasateko haur parkeak biziberritu eta herriko haurrei jolas espazio berri eta egokiak eskaintzeko konpromisoari jarraiki, Arrasateko Udalak Gesalibar auzoko parkea berritzeko proiektuari heldu zion irailean.

Bide horretan, aipatu parkea berritzeko prozeduraren ezaugarri nagusiak onartu ostean, urrian zehar enpresei zuzenduriko lehiaketa jarri zuen abian. Gonbidatu bakoitzak bi diseinu aurkezteko aukera izan zuen, horietako bat motibo naturalez osatutakoa. Guztira 7 enpresek aurkeztu zituzten proposamenak eta horiek guztiak Kulturaten egon ziren ikusgai arrasatearrek gustukoena bozkatu zezaten.

Behin horretarako epea amaituta, eta boto guztiak zenbatuta, “Goazen soka parkera!” diseinua izan zen arrasatearrek gehien bozkatu duten proiektua. Guztira 133 boto jaso zituen Udalak webgunearen eta Gesalibarko auzo elkartean eta BAZen jarritako hautestontzien bitartez eta horietatik 69 boto jaso zituen aipatutako diseinuak. Parte hartu zuten arrasatear gehiengoak, beraz, Sumalim empresak aurkeztutako diseinua aukeratu du Gesalibar parkea berritzeko. Aipatu behar da Sumalim enpresa haur parkeen eraikuntzan aditua den enpresa dela eta dagoeneko Munar, Zaldibar eta Nao Santiagoko parkeak biziberritu dituela Arrasaten.

Haurrentzako jolas espazio egokiak bermatzen

Arrasateko Udalak jada joan den legealdian heldu zion herriko haur parkeak berritzeko egitasmoari eta bide horretan, Gesalibarkoa berritzen eta egokitzen duen bederatzigarren jolastokia izango da. Horren aurretik guztira beste 8 parke berritu ditu, 6 auzoetan eta 2 erdigunean eta horretan inbertitu dira, hain zuzen, 1.128.668,27 euro. Horien artean Gorostiza, Makatzena eta Itxaropena parkea estali ditu eta Munar, Zaldibar, Nao Santiago edota Biterikoa berritu eta egokitu ditu.