Gesalibar auzoko haur parke berria 9 proposamenen artean aukeratu ahal izango da

2019/10/21
Card image cap
Proposamenak Kulturaten daude ikusgai eta herritarrek bozka emateko epea urriaren 21etik 30 arte izango da web gune eta hautestontzien biudez (BAZ eta Gesalibar auzoan).

Arrasateko Udalak, 2019an Gesalibar auzoko haur parkea berritzea aurreikusita zuen eta, bide horretan, 2019ko irailaren 26an Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen Gesalibarreko haur parkea berritzeko prozeduraren ezaugarri nagusiak onartzea.

Onartutako prozeduran, lehenengo pausoa enpresa adituak lehiaketara gonbidatzea izan zen. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 11 bitartekoa izan da eta 7 enpresek aurkeztu dituzte beren diseinuak eta guztira 9 proposamen jaso dira. Gonbidatu bakoitzak bi diseinu aurkezteko aukera izan du, horietako bat motibo naturalez osatutakoa.

Enpresek aurkeztutako proposamenak Kulturaten jarriko dira erakusgai urriaren 21etik aurrera eta arrasatearrek aukeratuko dute, beren bozken bidez, gustokoena. Bozka emateko eskubidea izango dute 2019-10-21ean, 16 urte beteta dituzten Arrasaten erroldatutako pertsonek eta bozkatzeko bi era aurreikusi dira, udal webgunearen bidez  edota Gesalibarko auzo elkartean eta BAZen jarritako hautestontzien bidez. Bozka emateko azken eguna urriaren 30a izango da eta aukeratutako diseinua azaroko lehen astean iragarriko da. Aukeratutako diseinu horrek, behin Udalak izendapena egin ondoren,  500 euroko saria jasoko du.

Aukeraturiko diseinua oinarri hartuta Arrasateko Udalak esleipen publikoa deituko du parke berriaren hornitze eta instalazioa adjudikatzeko eta prozedura hori azaroan hastea aurreikusten da. Diseinuan eskaintzen diren jokoak, zati batean, haur elbarriei egokituak izan behar dute eta haur parkearen berritze, hornitze eta instalazio lanek 32.000 euroko aurrekontua izango dute. Esleipen prozeduraren ondoren lanak abian jarriko dira eta aurreikusita dago parke berria otsailerako edo martxorako ipinita egotea.