Arrasateko Udalak gauerdian aktibatu du 'Elurteen Udal Protokoloa'
2024/01/09Euskalmet-ek (Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zerbitzuak) hurrengo egunetarako emandako eguraldi aurreikuspena ikusirik, izotza aurreikusten baita eta eguaztenerako elur maila 400 m inguruan, eta kontuan izanda elurte eta izozte garairako udal protokoloak agintzen duena, Arrasateko Udalak Elurteen Udal Protokoloa aktibatu du 2024ko urtarrilaren 9an, 00:00etatik aurrera.
Udal zerbitzuen helburu nagusia da zirkulazioko bide nagusietan elurra ez pilatzea eta trafikoa ibiltzeko moduan uztea, eta horretarako, udalak erabilgarri dituen baliabideak erabiliko ditu.
Programa espezifiko bat ezarri du, beharrezkoa izango balitz, urgentzia eta osasun zentroetara, industrialdeetara, ikastetxeetara, zentro ofizialetara eta beste zerbitzu batzuetara iristeko bideak libre lagatzeko. Helburua da egunerokoak betiko funtzionamendua izatea, ahal dela elurrak eta izotzak eragiten dituen ustekabeak-eta ez izateko.
Elurteen aurrean, Arrasateko Udalak honako aholku hauek egiten ditu:
- Gomendatzen da ahal dela ibilgailu pribaturik ez erabiltzea, eta autoa hartzekotan segurtasun distantzia handitzea. Gogoan hartu ikusi ere askoz gutxiago ikusiko dela. Frenatzekotan, ez egin bat-batean.
- Gomendatzen da kalean aparkatu ohi diren ibilgailuak garajeetan gordetzea.
Oinezkoek espaloitik ibili behar dute, eta, kaleak gurutzatzean, kontu handiz ibili behar dira.