Arrasateko Udala Garibai etorbidean Eguneko Zentroa eraikitzen hasiko da otsailaren 28an

2022/02/24
Card image cap
Lanak egingo ditu Goitu Eraikuntzak SL enpresak, lehiaketa publikoan emaitzarik onena lortuta. 474.448,53 euroko aurrekontua izango du, eta aurreikusten da lanek 6 hilabete eta erdi irautea.

Garibai etorbidean Arrasateko Udalak bultzatutako Eguneko Zentroa eraikitzeko lanak datorren astelehenean hasiko dira, otsailaren 28an. Lanak egingo ditu Goitu Eraikuntzak SL enpresak, lehiaketa publikoan emaitzarik onena lortuta. Lanak 474.448,53 euroko aurrekontua izango du, eta aurreikusten da lanek 6 hilabete eta erdiko iraupena izatea.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du pausu berri bat dela Gizarte Zerbitzuen mapa are gehiago osatzeko: “Arrasaten ez da inor atzean uzten. Oso gizarte zerbitzu indartsuak ditugu, eta Eguneko Zentroak lagunduko du herritarren ongizatean are gehiago aurreratzen. Gure helburua da zerbitzu berri hau herritarren esku jartzea 2022ko amaieran”.

Zerbitzuak adinekoen eskura jarriko du beste aukera bat egunean zehar joan ahal izateko. Bertan, intentsitate txikiko laguntza eskainiko zaie, beren arreta-premia espezifikoei lotuta, arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoen autonomiari eusten laguntzeko, beren ohiko bizitza ingurunean egoteko eta sozializatzeko, eta, hala badagokio, isolamendu egoerak konpentsatzeko.

Zerbitzuak gehienez 12 pertsonako arreta edukiera izango du unitate bakoitzeko. Helburua da adineko pertsona zaurgarrien autonomiari eustea, eta beste aukera bat eskaintzea adineko  autonomoei, harremanak behar badituzte edo bakarrik bizi ohi badira edo lan egiten duten senitartekoekin bizi badira. Eta, era berean, adinekoentzat harrera, aisialdi eta bizikidetza zerbitzu bat eskaintzea, prebentzio jarduerekin, arreta pertsonalizatuko jarduerekin eta jolas jarduerekin, haien bizi kalitatea hobetze alde.

Horrela, udalak lokal bat egokituko du Garibai etorbideko 1ean, beheko solairuan. Zerbitzu hauek hartuko ditu: bulegoa, 2 komun irisgarri dutxarekin, erabilera anitzeko areto handi bat, atseden gela, jangela, janaria prestatzeko gunea, langileek erabiltzeko aldagela eta garbiketa gela.

Sarbidea independentea izango da adinekoen Iturbide egoitzarekin. Sarrerako atea bulegotik ikusi ahal izango da, begiz zaindu ahal izateko.

Espazioa eraberritzean, instalazio eta saneamendu guztiak eraberrituko dira. Argiteria jasangarria izango da ingurunearekin, LED sistemakoa.