Garibai Etorbidean Adineko Pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzua eraikitzeko obren lizitazioa atera du lehiaketara Udalak

2021/09/24
Card image cap
Udalaren aurreikuspena da obrak 2022ko lehen hiruhilekoan hastea.

Arrasateko Udalak Garibai Etorbideko 1 zenbakian Adineko Pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzua eskaintzeko proiektua landu du eta obren exekuzioa atera berri du lehiaketara. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 13an bukatuko da.

Obren esleipena prozedura ireki bidez gauzatuko da eta lanak 7 hilabeteko epean burutu beharko ditu esleipendunak. Aurreikuspenen arabera obrak 2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dira eta 450.163,85 euroko aurrekontua izango dute, BEZ gabe.

Eguneko arreta zerbitzuaren hartzaileak bete beharreko nahitaezko baldintzak Arrasaten erroldatua izatea, 65 urtetik gorakoa izatea eta hartzailea mendekotasun-arriskuan aurkitzea, mendetasun-egoera Foru Aldundiak aitortua izatea izango dira I. graduan. Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuen balorazioaren ostean, salbuespenak egitea ebaluatuko da kasu batzuetan, hala nola, mendekotasunik aitortua ez duen, ahultasun egoeran, egoera zaurgarrian edo bakardade egoeran dagoen pertsonak.

Zerbitzuaren prestazioen artean aurkitzen dira informazioa, jarraipen-balioespena, gizarte hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea, estimulazioa edo berriro soin-heziketa lantzeko esku-hartzea, hezitzaile esku hartzea, gizarte-hezkuntza eremuko eta arlo psikosozialeko esku hartzea…

Arrasateko Udalak zerbitzu publiko hau, goizean eta hiru orduz eskainiko du, astelehenetik ostiralera eta taldea 12-16 pertsonek osatuko dute gehienez.

Zerbitzu berriak 307 metro koadro hartuko ditu, 6 gunetan banatuta: atseden gunea, komunak banalekua, jangela, jarduera gunea eta administrazioa.

Udalak nabarmendu duenez “proiektu estrategikoa da Udalarentzako Garibai Etorbidean eraikiko den Adinekoentzako Eguneko Zentro berria. Arrasatearren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea da gure lehentasuna, bereziki adinekoen kasuan: zerbitzu honen xedea da mendetasun arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adineko pertsonen autonomiari eusten laguntzea. Funtsezko zerbitzua izango da adinekoentzako”.