Garibai etorbidea oinezkoentzat 2022an
2021/07/06Garibai etorbidea oinezkoentzako pasabide bilakatuko du udalak, Etxaluze-Maala Ekobulebarraren eraberritzearen barruan. Udalak, horrela, bizilagunen eskaera aintzat hartu du eta hura teknikoki landu ostean hartu du erabakia.
2020ko azaro amaieran ekin zitzaion Ekobulebarraren eraberritze obrari. Orduan, Garibai autobus geltokia bertatik ateratzea erabaki zen behin-behinean, herritarren segurtasuna eta erosotasuna bermatze aldera, zati horretan obrak iraun bitartean. Gauzak horrela, autobus geltokia Zalduspen kokatuko da behin-behinekoz.
Behin Villa Amparo inguruko lanak amaituta eta ur parkea martxan jarrita, Zaldibar kalerantz emango zaie obrei jarraipena.
Garibai kalea, oinezkoentzat 2022an
Garibai kalearen eraberritzea, Ekobulebarraren obraren barruan, uztailean hasiko da. Azken batean, zoladura eta saneamendua berrituko da era integralean, bertako zuhaitz guztiak mantenduko dira, espaloiak zabalduko dira, eta bidegorria integratuko da irisgarritasun eta mugikortasun baldintza guztiak betez.
Obrak, bere osotasunean, 18.992,50 m²-ri eragingo dio. Garibai etorbidea oinezko bihurtzen da Zerkaostetako bidegurutzetik Maalako biribilgunera. Autoekin partekatutako aldizkako tarteak izango ditu, izan ere bermatuko dira garajeetatik irten eta sartzea Iturbide egoitzan eta inguruko etxebizitzetan, baita Biteriko parkinetik irtetea ere.
Beraz, bidegorriak jarraipena izango du San Andres auzotik Gipuzkoa etorbideraino, eta erdigunetik igaroko da. Era berean, Biteri kalean Garibai etorbidetik Erlojuaren eraikin azpitik Zerrajera kaleraino igaroko da ospitale atzeko bidegorriarekin lotura egiteko.
Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du Ekobulebarra “are ekobulebarrago” bilakatuko duela kalea oinezkoentzat egitean: “Espazio publikoak hobetuz, bizilagunek eta baita merkataritza sareak eta oinezkoek ere hiri erosoagoa eta atseginagoa izango dute. Herrigunea herritarrentzat errekuperatu gura dugu, kaleak bizi gura ditugu eroso eta seguru.
Irailean abiatuko den TAO sistemak eta herriko hainbat eta hainbat txokotan egiten ari garen eraberritze lanek eta proiektuek helburu hori dute: arrasatearren egunerokoa eroso, atsegin eta seguru bilakatzea”.
Proiektuak hasieran hobetsitako epemugak mantentzen ditu: Ekobulebarraren obra era integralean 2022an amaituko da. Hasierako aurrekontua ere bere horretan mantentzen da.
Hiru kokaleku posible autobus geltoki berrirako
Udal gobernuak Zalduspen zabalduko du behin-behineko autobus geltokia datozen asteetan. “Behin-behinekotasuna mantenduko du momentuz -azaldu du udal gobernuak-. Behin betiko autobus geltoki berriaren gaia hurrengo legegintzaldirako geratuko da. Lau aukera posible ditugu eskuartean, Zalduspe, Garibai (EH Bildu taldeak egindako proposamena), Garibai, baina lurperatua, eta Arruena. Baina lau kokalekuetako edozeinek eskatzen du HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean lursaila birkalifikatzea, eta plan hori berrikusiko da 2023-27 legegintzaldian, zortzi urteko epea pasatu behar baita azkenekoz berrikusi zenetik, 2016an kasu honetan”.