Garagartzako Patxizena auzo etxea konpondu du Udalak
2019/08/01Garagartzako Patxizena auzo etxearen konponketa auzotarrek eskatu zuten udalak2018an abiaturiko aurrekontu partehartzaileen baitan.
2018ko Udal aurrekontuan 250.000 euroko diru poltsa jarri zuen Udalak herritarrek aukeratzen zituzten proiektuetarako. Guztira 354 proposamen jaso ziren herritarren aldetik, eta bideragarriak ziren edo ez aztertu ostean 241 aukera geratu ziren. Asko errepikatu egiten zirenez, 114 aukerako zerrenda bat osatu zuten proposamen guztien artean bozkatzeko.
Garagartzako Patxizena auzo etxearen konponketa ere egon zen proposamen horien artean, izan ere, auzotarrek zenbait jai, bilera, bazkari etab. egiteko eta topaleku bezala erabiltzen dute auzo etxea.
Udalak, ikusirik Patxizena auzo etxeak jokatzen duen paper garrantzitsua auzoaren topaleku gisa, nahiz eta aurrekontu partehartzaileetan bozkatuenen artean proposamena ez egon, auzo etxea konpontzea erabaki du.
Margoketa lanak egin dira eta hondatuta zegoen teilatua konpondu da. Aipatu lanak E3D 2008 S.L. enpresak burutu ditu. Guztira 62.076,38€ko aurrekontua izan dute lanek eta datozen asteotan, teilatuaz haratago, garbiketa lanak egingo dituzte bertako espaloian.