Garagartzako ibilgailuen garbitokiko ur kontsumoak % 522,3 egin du behera urtebetean, udalak zerbitzua mugatu zuenetik arrasatearrek bakarrik erabiltzeko

2021/02/12
Card image cap
Arrasateko Udalak hainbat egokitzapen egin zituen bertan 2019ko abenduan: sistema bat jarri zen martxan ur kontsumoa neurtu eta erregulatzeko. Ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela izatea. Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen 2.500 litro.

Garagartzako ibilgailuen garbitokiko ur kontsumoak jaitsiera nabarmena izan du 2020an: % 522,3 egin du behera 2019arekin alderatuz: 304.000 litro ur erabili ziren 2020an, 2019an, berriz, 1.892.000 litro. Arrazoiak? Arrasateko Udalak 2019ko abenduan neurri batzuk hartu zituen ur kontsumoa mugatzeko: 2018an, esaterako, 2.151.000 litro ur kontsumitu ziren eta 2017an 2.054.000 litro. Covid-19aren pandemiak ere zuzenean eragin du.

2019ko abendura arte, Garagartzako ibilgailuen garbitokia irekia zen, guztira 7 mangera zeuden bertan ibilgailua garbitzeko, eta ez zegoen ur kontsumoaren gaineko inolako neurririk. Horrek eragiten zuen uraren kontsumo neurrigabea, eta batez beste urtero 2.000.000 litro ur kontsumoaren gainetik.

Hori horrela izanik, jasangarritasunaren aldeko apustuan Arrasateko Udalak hainbat egokitzapen egin zituen bertan: sistema bat jarri zuen martxan ur kontsumoa neurtu eta erregulatzeko. Sistema hori erabili ahal izateko, ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela izatea, hau da, organikoaren eta errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela.

Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen 2.500 litro. Kotxea garbitzeko erabili ohi den batez besteko ur kopurua 500 litrokoa da (INEren datuen arabera), beraz, erabiltzaile bakoitzak hilero 5 aldiz garbituko ahal izango luke autoa kopuru horrekin. 

Neurri berri horren bitartez, Arrasateko Udalak garbitokiaren erabilera eta ur kontsumoa neurtu gura izan ditu, jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan, erantzukizunez jokatzeko.