GAITU eguna egingo du GEIKEk egubakoitzean Arrasaten
2024/01/22Urtarrilaren 26an GAITU eguna antolatu du GEIKEk Arrasaten, arrasatearrek ere beren ekarpena egin dezaten GAITU kanpainaren barruan. GEIKE osatzen duten erakundeek, Arrasateko Udala barne, ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete euskaltzale guztiei.
GAITU, etorkizuneko teknologia euskaldunaren oinarri
GAITU hizketaren ezagutza erabiltzen duten teknologietan euskara sustatzeko ekimen nazionala da. Izan ere, gero eta ohikoagoa da egunero erabiltzen diren gailuei (autoa, hozkailua, telebista...) aginduak hitz eginez ematea. Eta, adituen arabera, etorkizun ez oso urrunean, teklatuak desagertu eta soilik ahotsaren bitartez komunikatuko gara gailuekin. Horrenbestez, teknologia horiek euskaraz jakitea funtsezkoa da.
Euskara, ordea, txikia da hiztun kopuruari dagokionez, eta hizkuntzen teknologian daukan lekua murritza da. Egoera horri aurre egiteko asmoz, Common Voice proiektua sortu zuen Mozillak 2017an. Hizketaren ezagutza guztiontzat irekia eta irisgarria izatea lortu nahi da horrekin, eta Librezale elkartea da Euskal Herrian bere sustatzaile nagusia.
Common Voice proiektuak hizketaren ezagutzen esparrua demokratizatu nahi du, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotu batentzat hainbat abantaila ditu: ahalik eta hizkuntza gehienetan jasotzen ditu ahotsak; datu eta software librea erabiltzen du, edozein enpresa txikik erabil dezakeena bere produktuak garatzeko, eta ahots aniztasuna ere kontuan hartzen du.
Parte hartzeko deia
Gaur egun, euskarazko datu sortan, 604 ordu daude grabatuta, 176.513 esaldi inguru, baina askoz gehiago behar dira hizketaren ezagutza kalitatezkoa izateko. Nazioarteko ekimena izanik, 20 urte edo gehiago duten herritarrak daude deituta parte hartzera, eta bereziki aniztasun funtzionala duten pertsonen eta 30 urtetik gorako emakumeen ahotsak behar direla nabarmendu dute antolatzaileek, eremu horretan baitago hutsunerik handiena.
GAITU ekimenean parte hartzeko aukera izango da urtarrilaren 26an, egubakoitza, Seber Altube plazan. Eguraldiak laguntzen ez badu, Kulturatera lekualdatuko da ekintza. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da grabazioak bertan egiteko aukera. Erronka bat ere jarri dute egun horretarako: denon artean 1000 grabazioko ekarpena egitera iristea.
Bien bitartean, herritarrak etxetik parte hartzeko aukera ere izango du, ordenagailutik edo mugikorretik. Horretarako, gaitu.eus webgunean sartu beharra dago, “eman zure ahotsa” botoian sakatu, eta “hitz egin, grabatu zure ahotsa” esaldiaren ondoko mikrofonoan klikatu ostean, jarraibideak segitzea besterik ez da egin beharko.