Frente Polisarioko kideak Arrasateko Udaleko ordezkariekin elkartu dira
2023/11/17Saharaldeba elkarteko Saleh Salek eta Saharako Frente Polisarioko Mohamed Fadel delegatua Arrasateko udaletxean izan dira, Maider Morras alkatearekin eta Jasone Giraldo zinegotziarekin. Salekek eta Fadelek eskerrak eman dizkiote Arrasateko Udalari, Arrasatek Saharar herriarekiko beti adierazi izan duen adeitasunagatik eta emandako laguntzagatik. Udala ordezkariei adierazi diete Saharan gaur egun zer egoeratan dauden, eta mahaigaineratu dute ere datozen hilabeteetara begira zer erronka dituzten.
Besteak beste, Saletek eta Fadelek adierazi dute asmoa dutela elikagai bilketa berreskuratzeko. “Esan digute oso kontziente direla egungo egoera ekonomikoa ez dela hoberena halako ekintza bat egiteko, badakitelako familia askorentzat zaila izango dela laguntza ematea, baina saiakera egin nahi dutela”, adierazi du Giraldok.
Udan Saharako haurrak etxean hartuko dituzten familiak ere behar dituzte. “Esan digute gai horrekin oso arduratuta daudela. Kanpamenduetan dauden haurrek behar gehiago dituzte, eta gero eta familia gutxiago dago prest proiektuan parte hartzeko. Arrasateko Udaletik adierazi diegu, aztertuko dugula egoera eta zer bide egon daitekeen aurrera egiten laguntzeko”.
Izan ere, sahararren komunitatea handia da Arrasaten, “eta asko inplikatzen dira”, zehaztu du Giraldok. “Herrian murgiltzen dira eta prest egoten dira beti elkarren arteko kultura ezagutza eta trukaketa bultzatzeko, eta hori oso aberatsa da. Udaletik asko eskertzen dugu egiten duten lana”.
Herriko haurrekin ere elkartu dira
Herri Eskolako haurrek udaletxera bisita egitea zuten antolatuta, eta bertan egin dute topo Saleh Salek eta Mohamed Fadelekin. Saharaz hitz egin diete haurrei, haien kulturaz, bizipenez, herriaz. “Oso kasualitate polita izan da, haurren artean Sahara jatorrikoak ere bazeuden eta elkarrekin sahareraz aritu dira. Liluraz eta errespetuz jardun dute beren artean, eta gainerako haurrentzat bizipen polita izan da, ikaskideen bizitzari buruz gehiago jakin eta ezagutu ahal izatea”, adierazi du Giraldok.