Foru Aldundiko mugikortasun arduradunek eta Debagoieneko alkateek lehen bilera bat egin dute erakundeen arteko lankidetzan beste pauso bat emateko

2023/12/01
Card image cap
Lehen bilera honetan bi lan ildotan lanean jarraitzeko asmoa adostu dute: lankidetzan jarraitzea Lurraldebusek eskualdean ematen duen zerbitzua hobetze aldera eta udalekin batera, mugikortasun antolaketa plan berri batean aurrerapausoak ematea.

Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Azahara Domínguez eta arloko zuzendaria Ivan Pedreira, Debagoieneko alkateekin lehenengo bilera izan dute, erakundeen arteko lankidetzan beste pauso bat emateko. Bileran adostu da Lurraldebusek eskualdean ematen duen zerbitzua hobetze aldera lanean jarraitzea eta udalekin batera mugikortasun antolaketa plan berri batean aurrerapausoak ematea. Bilera izan da sintonia onekoa eta eraikitzailea.

Autobusen egoera eta mantentzea

Joan den irailaren 20an Debagoieneko alkateek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren talde politikoaren bitartez, eskualdeko autobus zerbitzua hobetzea eskatu zuten. Azahara Dominguezek kargua hartu zuenetik hainbat neurri zuzentzaile hartu ditu eta, horren ondorioz, datuak erakusten duten modura, azken hilabeteetan kexen kopurua nabarmen jaitsi da.

Zentzu horretan, Mugikortasun departamentuak Avanzak ematen duen zerbitzuaren azterketa sakona egiten jarraituko du datozen hilabeteetan, hartutako neurri zuzentzaileak egokiak diren aztertzeko, eta ziurtatzeko autobusen mantentzea eta zebitzuaren kalitatea hobeak direla. Udalek konpromisoa hartu dute zerbitzuaren duintasuna bermatzen dela ziurtatzeko jarraipena egiteko.

Mugikortasuna berrikusteko konpromisoa

Eskualdeko alkateek zein foru arduradunek adostu dute mugikortasunaren berrikustea eta hobetzea lantzen jarraitzea. Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi du 2024ko aurrekontuetan partida propio bat aurreikusten dela eskualde guztietan mugikortasun plan bat bultzatzeko. Bestetik, udalerriek urratsak emango dituzte plan estrategiko hori lantzeko, urgentziazko beharrak identifikatu ostean. Alde biek konpromisoa hartu dute bide orri horri ere jarraipena emateko.

Aldundiak eta udalerriek beste bilera bat egingo dute udalek beren beharrak finkatu ostean.