Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatuta “Komunikazio ez bortitza” hitzaldia, TREBA Gurasoak egitarauaren barruan

2022/05/03
Card image cap
Datorren maiatzaren 6an izango da Kulturateko areto nagusian, 18:00etan, eta euskaraz eskainiko da.

Aldundiak eta Arrasateko Udalak elkarlanean bultzatutako TREBA Gurasoak programaren barruan, 'Komunikazio ez bortitza’ hitzaldia antolatu da, haur eta nerabeen gurasoei zuzendua.

TREBA Gurasoak ekimenak eta Arrasateko Udalak haur eta nerabeen gurasoentzako hitzaldia antolatu dute. Datorren maiatzaren 6an izango da, egubakoitza, 18:00etan hasita, euskaraz, Kulturateko areto nagusian.

Hitzaldiko trebatzailea Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta haur-masajeko hezitzailea izango da. Hitzaldi honetan harremanak zaindu eta modu eraginkorrean kudeatzen lagundu dezakeen komunikatzeko modua aurkeztuko da, eta familiako kideen beharrak ezagututa, denok amesten dugun etxeko giroaz gozatzeko gakoak ezagutuko dira.

Bestalde, hitzaldi honekin lortu nahi dena da besteengana gerturatzen lagunduko digun hitz egiteko eta entzuteko modua ezagutzera ematea, familiako giroa kudeatzeko eta bizitzako harreman desberdinak zaintzeko alderdiak ezagutzea eta gatazken kudeaketarako eta mugak jartzeko baliabideak eskuratzea.

Eguneroko bizitzako adibideetan oinarritutako teoria aurkeztu ondoren, hausnarketarako eta galderak egiteko aukera zabalduko da.

Hitzaldirako izen ematea irekita dago dagoeneko https://arrasate.eus/izen-ematea  webgunean. Informazio gehiago 943 252 088 telefonora deituz edo gazteria@arrasate.eus emailera idatziz eskainiko da.